Osasun Hiriaren puzzlea berregiten hasi dira
Donostiako Ospitalea handitzeko lanei ekin diete. Lehenik, protoiterapia zentro bat eraikiko dute, Onkologikoaren alboan.
Osakidetzak nabarmen aldatuko du Donostiako Osasun Hiria osatzen duen eremua. Bi eraikin berri daude aurreikusita, eta biak jartzeko lanen fasea abiatu dute. Hain zuzen ere, Donostiako Ospitalearen eta Onkologikoaren arteko aparkalekuan eraikiko dituzte protoiterapia zentroa eta kanpo kontsulten eraikin berria.
Horretarako, astelehenean hasi zuten behin-behineko aparkalekuaren obra, egungoaren alboko lursail batean. Dena dela, ez du plaza kopuru bera izango, nabarmen gutxituko dituzte eta; egungo aparkalekuak 800 plaza ditu, eta behin-behinekoak 230 izango ditu. Abendurako aparkalekua prest egotea espero du Osakidetzak. Lan horiek bukatu aurretik hasiko dira protoiterapia zentroa eraikitzen.
Aparkaleku falta
Donostiako Osasun Hirian aparkatzeko arazoa areagotuko du plaza kopurua murrizteak. Hori dela eta, Donostiako Udalak Illunbeko lursail bat doan laga dio Osakidetzari. Osasun langileek soilik erabili ahal izango dute, eta autobusak jarriko dituzte langileak Illunbetik ospitalera igotzeko. Udalak aparkaleku hori ere erabili ahal izango du antolatzaile, laguntzaile, babesle eta abar gisa jarduten duen jardueretan.
Aipaturiko partzela Illunbeko disuasio aparkalekuaren albo batean dago, baina urbanizatzea falta da. Osakidetzak egingo ditu aparkaleku bihurtzeko lanak, eta hilaren 28rako prest egotea aurreikusi dute. Hasiera batean, aparkaleku hori bi urtez erabili ahal izango du Osakidetzak, eta urtero izango du epe hori luzatzeko aukera. Izan ere, eraikiko diren bi eraikin berrien lanek irauten duten bitartean behar izango dute.
60 milioi euro
Eusko Jaurlaritzak 60 milioi euro inguru inbertituko ditu protoiterapia zentroa eraikitzeko. Gainera, Amancio Ortega Fundazioak dohaintzan emandako protoi terapiarako gailuak 28 milioi euro balio ditu. Aldiz, lanak Ferrovial, Moyua eta Intxausti eraikuntza enpresek osaturiko aldi baterako elkarteak egingo ditu. Urtebeteko epea ezarri zuten obra bukatzeko.