Sinadurak biltzen hasi dira Sorleku parkea Marrutxipin jar dezaten
Intxaurrondoko bizilagun batzuek sinadura bilketa bat abiatu dute Change.org atarian, lelo argi batekin: Ez disuasio aparkalekuari. Sorleku parkea nahi dugu.
“Udal gobernuak berriro engainatu gaitu. Sorleku parkearen ordez, ekaitz tangaren gainean dagoen orubean disuasio aparkaleku bat eraikitzeko asmoa duela iragarri berri du. Hemen bizi garenontzako parke baten ordez, kanpotik datozenentzako aparkaleku bat”, deitoratu dute bizilagunek.
Intxaurrondoko Marrutxipi inguruak dagoeneko “beste batzuei mesede egiten dieten proiektu gehiegi” hartu dituela salatu dute: “Lehenengo Dbusen kotxetegiak izan ziren, gero egoitza handitzea, ondoren Marrutxipiko lotunea, eta, orain, disuasio aparkalekua. Guztira, auzoa erdibitzen duten 40.000 metro koadro dira, eta hemen bizi garenontzat ez dute batere onurarik ekartzen”.
Auzotarrentzako auzo bat nahi dutela diote, “ez gara udalak beste eremu batzuk hobetzeko behar dituen proiektu guztiak gauzatzeko erabil dezakeen orube bat”. Beraien auzoarekin harturiko konpromisoak betetzeko eskatu diote udal gobernuari. “Sorleku parkea eraiki behar da 2017tik agindu izan den moduan”, exijitu dute bizilagunek.