Asteburuan hasiko dira eskola kiroleko jardueretako lehiaketak
Larunbatean hasiko dira Donostiako eskola kiroleko jardueretako lehiaketak, Donostia Kirolak koordinatuta. 5.000 ikasle baino gehiagok hartuko dute parte, benjamin eta kimu kategorien artean. Horrela, Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailen artean matrikulatutako ikasleen %70ek baino gehiagok parte hartuko dute antolatzen diren lehiaketetako batean. Emakumeen parte hartzea guztizkoaren %42 da.
Ikastetxeek, Donostia Kirolarekin batera, kirol modalitateak, zein ordenatan egingo diren, erabiliko diren instalazioak eta jarduera horien kontrol teknikoan lagunduko duten klubak erabakitzen dituzte. Besteak beste honako kirolak praktikatzeko aukera dute ikasleek: futbola-6, saskibaloia 3×3, areto futbola, futbola-8, eskubaloia, hockeya, errugbia, mini boleibola eta pilota. Gainera, igeriketa, atletismo, triatloi edo txiki zumba jardunaldiak ere antolatu dituzte.
Kimu kategoriako egutegia
Kimu kategorian, ikasturtean zehar gutxienez bi kirol modalitate kolektibo praktikatzeko aukera ematen diete ikasle guztiei. Aurten, 400 taldek eman dute izena, eta saskibaloia eta futbola dira gehien eskatzen diren kirol modalitateak. Ondoren, hockeya eta eskubaloia daude.
Futbola da mutilen artean aukera nagusia, nahiz eta izena eman duten taldeen %25 inguru emakumezkoak izan. Nesken artean, aldiz, saskibaloia da Donostian gehien erabiltzen den jarduera.
Beste hainbat jarduera
Donostiako Eskola Kirolaren programak lehiaketa jarduerak ez ezik, sustapen jarduera ugari ere jasotzen ditu: igeriketa kanpaina, UDA kanpaina eta izotz gaineko irristaketa, besteak beste.