Beldurrezko Asteko bost film nabarmendu ditu Josemi Beltranek
35. Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen programazioa aurkeztu dute. Abonuak bihar jarriko dituzte salgai, eta sarrera solteak hilaren 21ean.
Urriaren 25etik azaroaren 1era bitarte egingo dute 35. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea. Gaur aurkeztu dute programazioa —hemen kontsulta daiteke egunez egun—, eta xehetasun guztiak eman ditu Josemi Beltran Beldurrezko Asteko zuzendariak.
Guztira, 31 film luze, 45 labur eta telebistako hiru kapitulu proiektatuko dituzte. Nacho Vigalondoren Daniela Forever filmarekin emango diote hasiera, Antzoki Zaharrean. Aldiz, Pablo Hernandoren Una ballena euskal produkzioak leku berean emango dio bukaera.
Urtero moduan, eskaintza zabala da, eta Beltrani eskatu diote bai ala bai ikusi beharreko filmen zerrenda bat egiteko. Batez ere, Beldurrezko Astean barneratu nahi duen horri zuzenduta. Sail Ofiziala osorik nabarmentzearekin batera, bost film hauek aukeratu ditu:
‘Bodegón con fantasmas’
Sitges zinemaldian harrera beroa izan zuen Enrique Buleok zuzenduriko lanak. “Askotariko publikoarentzat gomendagarria da, eta aktore profesionalak eta amateurrak nahasten ditu”, azaldu du Beltranek. Horrekin batera, Jose Luis Cuerda zuzendariaren estilokoa dela aurreratu du.
‘Daniela Forever’
Nacho Vigalondoren film berria ikusi beharrekoa dela esan du Beltranek: “Ezagutzen dugu bere zinemagintza, eta, oraingoan, lan emozionalago bat egin du. Bikote harreman batean oinarriturikoa da, baina drama kutsuarekin”.
‘Escape from the 21th Century’
Txinako zientzia fikziozko “film deigarria” dela adierazi du Beltranek. Gazte zein helduentzako aproposa dela gaineratu du, batez ere, anime baten antzera kontatua dagoelako: “Bideo jokoen eta sare sozialen esentzia ondo jasotzen du”.
‘Exhuma’
Koreako film “berezi” honek zeresana emango duela uste du Beldurrezko Asteko zuzendariak. “Kalitatezko ekoizpena du, eta aktore talde garrantzitsua”, esan du Beltranek. Xamanismoari buruzkoa dela aurreratu du, eta The Conjuring filmaren ildokoa.
‘1978’
Argentinako diktaduran oinarrituriko lana da, eta ikusteko gogorra izateaz aparte, testuinguruan kokaturiko istorioa “beldurgarria” dela esan du Beltranek.
Sarrerak
Bihar jarriko dituzte salgai abonuak, 09:00etan, Antzoki Zaharreko leihatilan. Aldiz, hilaren 21ean 11:30ean jarriko dira salgai sarrera solteak Antzoki Zaharreko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean.