Eskuin muturraren gorakadaz ohartarazi du Pobrezia Zerok, pobreziaren kontrako naziortako egunean
Donostiako Pobrezia Zero plataformak agerraldia egin du gaur bulebarreko kioskoan, pobreziaren eta bazterkeriaren kontrako nazioarteko egunean. Nabarmendu dutenez, eskuin muturraren gorakada arazo bihurtzen ari da mundu osoan, eta horrek ere badu eragina Donostian.
Eskuin muturreko taldeek ezaugarri komunak dituztela uste dute: “Populismoa, antifeminismoa, nazionalismoa, xenofobia, kontserbadurismoa, autoritarismoa eta pluralismoaren gaitzespenaren nahasketa”.
Gorakada honek, “eragin negatiboak” dituela ohartarazi dute, pobreziaren eta desberdintasunaren aurkako borrokan, batez ere: “Ezin dugu ahaztu eskuin muturreko alderdiek sustatutako politikek austeritatea, pribatizazioak eta gizarte zerbitzuen murrizketak bultzatzen dituztela, eta horiek guztiak kaltegarriak direla gizarte sektore ahulenentzat, eta aberatsen eta pobreen arteko arrakala handitzen dutela”. Hori gutxi ez, eta “migratzaileen eta errefuxiatuekiko mesfidantza” sustatzen dutela uste dute.
Egoera honi aurre egiteko mobilizatzeko deia egin dute, eta desinformazioari eta buloei aurre egiteko tresnak eskuratzeko deia egin dute: “Ezin dugu eskuin muturra legitimotzat hartu, osasun hesiak ezarri behar ditugu hura isolatzeko”.
Testuinguru honetan, ostiralean, hilak 18, bertso saioa antolatu dute Antiguako frontoian, Eskubiderik ez eskuin muturrean lelopean. Maialen Lujanbio eta Unai Agirre arituko dira bertsotan, eta Imanol Artola Felix gai jartzaile lanetan. 19:00etan izango da, doako sarrerarekin.