Nola konpondu hiriko taxien egoera: lizentzia gehiago ala Uber baimendu?
Eneko Goiak, asteartean adierazi zuenez, ez dizkio ateak ixten hirian taxi lizentzia kopurua handitzeko aukerari, egungo zerbitzua “onena ez dela” onartuta. Azkenaldian, ugariak dira taxi kopuru urriaz kexatzen diren erabiltzaileak.
Eztabaida, edonola, turismo sektoreak ateratako ohar batek piztu du. Donostiako taxi zerbitzua kritikatu zuten eta udalari neurriak eskatu zizkioten. Goiak esan duenez, “ez du turismoaren sektoreak esan beharrik, nik, herritar gisa, egiaztatzen dut”.
Joan den ekainean, udalak aurreratu zuen Donostialdeko araubide bereziko eremuan ari zela lanean, honela, udalerri mugakideetako taxiek ekimenarekin bat egin duten beste udalerri batzuetan emango lukete zerbitzua. Hau da, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteriako taxiek ere Donostian jardun ahal izango dutela. Honela, hirian dauden 308 taxi lizentziei, 118 taxi gehituko zaizkie, egoera nabarmen hobetuz.
Ordea, alkateak zehaztu duenez, Donostialdeko araubide bereziko eremua martxan jartzeko prozesua “zaila eta garestia” izaten ari da, eta, beraz, ez da funtzionamendua hasteko data bat ematera ausartzen.
Uber eta Cabifyrekin, zer?
Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aldetik, egoerarekin kezka adierazi du, eta Donostialdeko araubide bereziko eremua martxan jartzen ez bada, Uber eta Cabify gisako enpresei baimena ematea aztertzen ari da.
Aldundiko bozeramaile Irune Berasaluzek esan duenez, araubide bereziko eremuan lanean ari dira Donostiako Udalarekin eta inguruko udalerriekin, eta hori dela “haien lehentasuna”: “Ikusiko dugu zer emaitza lortzen ditugun, baina kontuan izanda herritarrek eskatzen duten zerbitzua dela”.
Uber estiloko plataformak Donostian sartzeko aukeraz espresuki galdetuta, Berasaluzek esan du “posible” dela: “Etorkizunean aztertu beharko da, taxiarekin nahikoa ez balitz. Beste leku batzuetan martxan daude”.