Behobia Donostiako dominek Txillidaren grabatu bat izango dute
Azaroaren 10ean, Bulebarreko helmuga zeharkatuko duten guztiek eskuratuko dute grabatua Atzegi elkarteko boluntarioen eskutik.
27.000 lagunek jasoko dute Txillidaren grabatua daraman urrezko domina, azaroaren 10ean. Modu horretan, Behobia-Donostiak bat egingo du Eduardo Txillidaren jaiotza mendeurrenarenekin. Antolatzaileek iragarri dutenez, Korapillo II lana izango dute 59. edizioko parte-hartzaileen domina guztiek.
Behobia Donostia lasterketaren antolatzaileek azaldu dutenez, eskultoreak 1982an egin zuen grabatu horren formak antzekotasun handiak ditu lasterketarekin; hasieratik helmugara hazten doan ibilbide baten gisakoa da, eta modu horretan, Irun eta Donostia artean zeharkatzen diren askotariko espazioak irudikatzen ditu. Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioak egin du aukeraketa eskultorearen ehunka grabatuen artean: “Artxibo grafikoan bilatzean argi ikusi genuen aukeratutako lanak lotura erreala eta nabarmena izan behar zuela», azaldu du Mikel Txillida bilobak.
Eduardo Chillida – Pilar Belzunce Fundazioarentzat, Behobiako dominak ‘Korapillo II’ lana eramatea artistari egindako omenaldia da, “haren bizitza eta obra, bere lurrean sakon errotuta, munduari irekita daudela eta bizitza ulertzeko modu paregabea dela islatzen dute”. Ekimen horrekin, halaber, Chillidak kirolarekin duen harremana ere agerian geratzea dute helburu.