Bigarren garaipena jarraian nahi du Ibaeta Basketek
Etxean jokatuko dute asteburuan Ibaeta Basketek, Gipuzkoa Basketek, Bera Bera, Txuri Urdineko mutilek eta Realeko belar hockey taldeak. Kanpoan, aldiz, Realeko bi futbol taldeek eta Txuri Urdineko neskek.
Ligako azken porrotari buelta eman eta atzo Europako Kopan ACS Sepsiren etxean irabazi ostean (54-62), ligan ere garaipenaren bidea hartzeko aukera du Ibaeta Basketek igandean. Ez da partida erraza izango, ordea, Estudiantes hartuko baitu etxean, ligako bigarren sailkatua. Bestalde, gizonezkoetan, gaur iluntzean bertan jokatuko du Gipuzkoa Basketek, etxean, Starlab Moronen aurka; sailkapenean gora egiten hasteko neurketa garrantzitsua da, ligako azken-aurrenak baitira espainiarrak, eta postu bat gainetik baino ez daude donostiarrak.
Futbolean, etxetik kanpo arituko dira Realeko neskak zein mutilak, larunbat arratsaldean. Neskek Atletico Madril indartsuaren etxean jokatuko dute, eta partida bizia izatea espero da, sailkapenaren goialdean baitaude bi taldeak. Mutilak, aldiz, Gironara joango dira, behingoz emaitza onak lortzen hasi eta sailkapenean gora egiten hasteko helburuarekin.
Eskubaloian, une honetan aurkari zuzena den Elda Prestigio jasoko du etxean Bera Berak larunbatean. Hain zuzen ere, donostiarrak seigarrenak dira ligan, eta Alacantekoak bosgarrenak. Ez dute bereziki ondo hasi denboraldia Bera Berakoek, baina buelta ematen hasteko garaiz dabiltza.
Izotz hockeyan, aurreko denboraldia bukatu zuten moduan hasi dute honakoa ere Txuri Urdineko neskek, hiru partidatik hiru irabazita; bada, laugarrenaren bila doaz igandean Huarteren etxera, lidergoa sendotzeko asmoz. Mutilak, aldiz, Milenio Panthersen aurka arituko dira etxean; ligako azken sailkatua da donostiarren aurkaria eta azken-aurrena Txuri Urdin, eta, beraz, tartea irekitzeko partida aproposa da Donostiako taldearentzat. Gainera, bi partida jokatuko dituzte elkarren aurka asteburuan, bihar eta etzi.
Azkenik, belar hockeyan, Realeko neskek ondo hasi dute denboraldia, eta bigarren garaipena jarraian eskuratu nahi dute igandean etxean, Juniorren aurka. Ligako bosgarrenak dira txuri-urdinak, eta zortzigarrenak Juniorrekoak.
PARTIDAK
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 3. jardunaldia
- Ibaeta Basket — Estudiantes (igandea, 20, 12:00).
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 4. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket — Starlab Moron (ostirala, 18, 20:30).
Futbola
Emakumezkoen liga, 7. jardunaldia
- Atletico Madril — Reala (larunbata, 19, 16:00).
Gizonezkoen liga, 10. jardunaldia
- Girona — Reala (larunbata, 19, 18:30).
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 6. jardunaldia
- Bera Bera — Elda Prestigio (larunbata, 19, 18:00).
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, 5. jardunaldia
- Huarte — Txuri Urdin (igandea, 20, 14:30).
Gizonezkoen liga, 5. eta 21. jardunaldia
- Txuri Urdin — Milenio Panthers (larunbata, 19, 21:30).
- Txuri Urdin — Milenio Panthers (igandea, 20, 12:30).
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 6. jardunaldia
- Reala — Junior (igandea, 20, 12:00).