Bularreko minbiziaren aurkako borrokan «gizarte guztia» inplikatzeko beharra aldarrikatu dute
Bularreko Minbiziaren Aurkako Eguna izango da bihar (hilak 19), eta, horren bueltan, zuzeneko irratsaio bat egin du ostiral goizean udaletxean Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak, Why Not fundazioarekin elkarlanean. Bularreko minbizia duten pertsonen testigantzak entzun ahal izan dira irratsaioan, eta minbiziaren aurkako prebentzioaren inguruan gizartea kontzientziatzea izan da saioaren xedea.
Aurretik, adierazpenak egin dituzte Maider Sierra elkarteko psikologoak, Marisa Arriola presidenteak, Ane Oiarbide udaleko Berdintasun, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak eta Maite Peña aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak.
Arrosa kolorea arrosa besterik ez da leloa erabiliko dute aurtengo bularreko minbiziaren aurkako kanpainan, izan ere, Oiarbidek zein Arriolak azaldu dutenez, “kolore bat baino ez da arrosa”, baina “elkartearekin kolaboratzen duen eta minbiziaren aurka batzen den pertsona bakoitzaren laguntzari esker, ikerketa eta laguntza ere bada”. Gipuzkoako arlo horretako ikerketa “oso indartsua” dela nabarmendu du Arriolak, eta, horri esker, “bularreko minbiziaren intzidentzia gero eta txikiagoa” dela. Halaber, elkartearekin lan egiten duten boluntario guztien lana aitortu eta eskertu du presidenteak.
Era berean, prebentzioa ere oso garrantzitsua dela gogorarazi dute hizlariek, baita horretan “gizarte osoa” inplikatu behar dela aldarrikatu ere. Horregatik, hain zuzen ere, elkarteak Gipuzkoako hainbat kirol zentrotan bularreko autoesplorazioa pausoz pauso nola egin behar den azaltzen duten pegatinak jarri ditu, “kontzientzia sortzeko”.