Donostiako iraganaren gordailu eta mendeetako zurrumurruen lekuko
XVI. mendeko landa arkitekturaren erakusgarri, Patxillardegi baserriak kikili-makala bizirauten du egun. Ondare historikoa ez ezik, bitxikeriak ere gordetzen dira lau pareta horien artean: 1874an, Espainiako erregina txiza egitera sartu zela diote ingurukoek.
Txomiñenea auzo berri bat da askorentzat, Donostiako eremu horrek historia luzea duen arren. Egun, biztanleria nabarmen handituta, inguruan jaio eta hazitakoek baino ez dituzte gogoan eraikin zuri-beltz modernoen aurretik zeuden etxe eta baserriak; are gutxiago, inguruak zituen enpresak edo berdeguneak. Hori dela eta, Txomiñeneko Behin Batean euskaltzaleen elkarteak gonbidatuta, Josu Tellabide etnologoaren hitzaldia izan zuten hilaren 9an, auzoaren iraganari erreparatu eta eremuaren historia berreskuratzeko.
Tellabideren hitzetan, «adar jotze bat izan da auzoarekin egin dutena»; izan ere, egun, arrasto gutxik baino ez dute Txomiñeneko iraganaren zantzurik eskaintzen. Etnologoaren arabera, ondareari kasik erreparatu gabe, «aizkorakada» nabarmenekin zatitu dituzte Urumearen ertzean dauden Loiola, Txomiñenea eta Martutene, eta, hein batean, auzo horien izaeraren galera izan da horren ondorio.
«Urumea goikoa» eremuko ondare urriaren parte da, hain zuzen, Hipika kaleko Patxillardegi baserria. Eraikina XVI. mendekoa da; Donostiako baserri zaharrena da, eta Euskal Herriko zaharrenetarikoa. Hori dela eta, Hirigintzako eta Eraikitako Ondarea Babesteko Plan Berezian (HEOBPB) dago babestuta.
Nolanahi ere, ez dago bere garairik onenean. Egun, Tellabidek aipatu moduan, «sasiz josita» dago eraikina eta ozta-ozta jarraitzen du tente. Ondare galeraz harago, egungo egoerak segurtasun arazoak ere sor ditzakeela ohartarazita, bizilagunek baserria zaharberritu dezaten eskatu dute behin baino gehiagotan, baina jabetza pribatua denez, udalak dio ez duela inolako eskumenik afera horretan: «Ez dakit zein mirarirengatik dagoen zutik», aitortu zuen etnologoak, harrituta.
Bere egungo egoerari erreparatzeaz gain, baserriaren historia eta erabilera ekarri zuen gogora Tellabidek. Azaldu zuenez, dolare bat zuen eraikinak atzeko aldean, eta orduko baserri gehienen antzera, jabetza horrek ere portua zuen Urumean. Baserriaren sotoan, gainera, txalupak eta gabarrak sar zitezkeen, egungo errepidea eraiki zuten arte. Nolanahi ere, Patxillardegi inguruan ezaguna bada, erreginaren bisita bitxiarengatik da.
Pasarte bat, hiru kontakizun
Egun, hiru bertsio daude bitxikeria beraren inguruan. Auzokideen artean gehien zabaldu den kontakizuna eskatologikoa da eta, horren arabera, 1874ko egun batean, Isabel II.a Espainiako erregina eta bere laguntzaileak baserrian sartu ziren, txizalarriak jota. Hori dela eta, auzokideek «la casa que meo la reina» esanez egiten diote erreferentzia oraindik baserriari: «Baserritarrek harrera ona egin ziotenez, dama gorenak errege agindu bat sinatu zuen, eta, horren arabera, Patxillardegin jaiotako gizon guztiak soldadutza betetzetik salbuetsita geratu ziren», jaso zuen, halaber, 1987ko ondare historiko artistikoaren inbentarioak.
Auzokideek diotenez, txizalarriak jota, Espainiako erregina Patxillardegi baserrira sartu zen
Bitxikeria horrek baten bati baino gehiagori barrea eragingo zion arren, ez da erabat zehatza beste askoren arabera. Juan Luis Bengoetxeak, bere azken maizterrak, bestelako kontakizun bat eskaintzen zuen, eta hala helarazi zien bere ondorengoei ere. Bengoetxearen arabera, erreginaren segizioko norbait oso gaixo jarri zen, eta horregatik sartu behar izan ziren baserrira, hiltzear ari zenari biatikoa edo oliadura emateko.
Ordea, Espainiako erreginak Donostia bisitatu zuen garaian baserrian bizi zen Olasagasti familiak, oso bestelako kontakizuna zuen. Olasagastitarren arabera, liberalen eta karlisten arteko liskarren ondorioz sortutako hainbat gairi buruzko bilera izan zuten Patxillardegi baserrian bertan.
Egun, bisitaren helburua ez ezik, soldadutzaren salbuespena ere ez dago batere argi. Bengoetxea ezkorra zen ustezko errege ordenaren inguruan hitz egiterakoan. Antza, hainbatetan jarri zituen errekurtsoak lege berezi hura demostratu nahian, baina Olasagastitarrek egin zuten moduan, bere seme guztiek egin behar izan zuten derrigorrezko soldadutza.
Batera edo bestera, erregina bertan izan zela da argi dagoen bakarra, egun. Aldaketarik ezean, ordea, baserriak lurperatuko du aurki kontakizun oro. Tellabidek azaltzen duen moduan, donostiarron ohitura, sinesmen, bizipen eta bizimoduaren testigantza zuzena baita Patxillardegi.