Ikuspegi transfeminista: psikoterapiarako begirada oso bat
Erdialdera iritsi berri da Emuna Aüka. Psikoterapia transfeminista oinarri, intersekzionalitatetik eta gorputzetik egiten dute lan bi profesionalek. Ongizate emozionalaren bitartez, gizarte eraldaketa dute jomuga.
Unibertsitate ikasketak batu zituen Leire Murguialday (Deustu, Bilbo,1995) eta Javi Olfos Besniar (Viña del Mar, Txile, 1994). Donostiako aktibismo feministan elkar ezagututa, Espazio Lunarra ongizate emozionalerako gune apurtzailean egin zuten bat, pandemia betean.
Beste lau profesionalekin aritu ziren lanean, Hernanin lehenik, eta Grosen eta Egian, ondoren. Bi urtez landu zuten ikuspegi holistiko eta integrala oinarri zuen psikoterapia, eta espazio horren ibilbidea amaitzerakoan, elkarrekin jarraitzea erabaki zuten: «Espazio Lunarrak trebatzeko, ikasteko eta gure lehen terapiak emateko aukera eman zigun. Hori amaituta, egindako guztia berrikusi eta gure ikuspegia fintzen hasi ginen», azaldu du Murguialdayk.
Transfeminismoa eta gorputza
Aurreko irakaspenetatik oinarrituta sortu zuten iaz euren kooperatiba, eta urtebetez tailerrak eta online saioak eskaini ostean finkatu dute Emuna Aüka espazioa, Erdialdean: «Hizkuntza maputxetik dator espazioaren izena. Emuna hitzak, kaosa gorabehera, lasai zaudela esan nahi du. Aüka terminoak, berriz, errebeldiari egiten dio erreferentzia. Uste dugu bi sentsazio horien uztarketak islatzen gaituela gu geu eta gure egitekoa», azaldu du Olfosek.
Bi psikoterapeutek ikuspegi transfeminista eta intersekzionala dute oinarri. Hala, ohi moduan, kasu bakoitzak duen esperientziari eta familiatik etor daitezkeen aferei , gizarte ikuspegia gehitzen diote kontsultan. Izan ere, profesionalen arabera, testuinguru sozialak ere ezinegonak sortu edo sakontzen ditu: «Familiaren historiara jotzeko joera dago, eta ez dugu esaten hori txarra denik, baina badago testuinguru sozial bat ere ezinegon horretara gonbidatzen duena. Horrenbestez, ikuspegi psikosoziala ere txertatu behar dugu».
Ikuspegi psikosozial, transfeminista eta intersekzionala ez ezik, Gestalt psikoterapiaren korronte humanistak ere jarraitzen dituzte; hau da, «hemen eta orain» jartzen dute arreta, emozioen eta pentsamenduen kontzientzia zabaldu, eta, era berean, sentimendu horiek identifikatzen jakiteko: «Ez dugu jarraitu beharreko erantzunik ematen, gu laguntzaile izaten gara jabetza prozesu horretan, eta pertsona bakoitzari baliogarri izan dakizkion tresna batzuk eskaintzen dizkiogu».
Emozio horien jabetza lantzeaz gain, «gorputzaren kontzientziarekin» ere egiten dute lan. Olfosen arabera, gorputzaren sentsazioak «iparrorratz» dira eta, beraz, horiek kontrolatzeak eta trebatzeak buru osasunean eragin dezake nabarmen.
Azaldu dutenez, eskainitako ikuspegi berritzaileak askotariko pertsonak erakarri ditu, baina batik bat LGTBIfobia eta transfobia pairatzen duten lagunek jo dute haiengana. «Gehiengoak emakumezkoak dira, baina ez da kasualitatea, emakumeak gehiago joaten baikara terapiara», aitortu du Murguialdayk. «Noiz edo noiz gizonak ere etor daitezkeen galdetu izan digute» aitortu du Olfosek, barrez, espazio hori edonorentzat irekia dela baieztatu aurretik: «Lan ikuspegi zehatz bat dugu, baina denetarik iristen zaigu kontsultara».
Askotariko eskaintza
San Bartolome kaleko kontsulta berria den arren, askotariko espaziotan ari dira lanean. Hainbat herritako Emakumeen Etxeetan eskaintzen dute bide laguntza psikologikoa, doan. Batik bat, genero indarkeriaren biktimak eta LGTBIQ+ kolektiboaren parte diren lagunei eskaintzen diete arreta, baina «banantze eta dibortzio gaiak, migrazio eta nortasun doluak» eta bizitzaren prekarizazioarekin zerikusia duen aferak ere jorratzen dituzte espazio horietan.
Era berean, tailerrak eskaintzen dituzte lurraldeko hainbat udalerritan: «Tailerrak esperimentalagoak dira, terapia ludikoak lantzen ditugulako jolasaren bitartez», azaldu du Murguialdayk. Udazkenean, zehazki, identitatea landuko dute Generoa eta Nire ni-ak besarkatu izeneko saioen bitartez, Oñatin, Lasarte-Orian eta Irunen. Halaber, maitasun erromantikoa ardatz, hainbat saio izango dituzte Lekuona fabrikan (Errenteria).
«Zapalkuntza eta ez pribilegio»
Batera eta bestera ibiltzen diren arren, etorkizun laburrean, Donostiako espazioa ez ezik, hirian errotutako egitasmoak ere bultzatu nahi dituzte. Besteak beste, LGTBIQ+ taldea sortu nahi dute urtarrilean, kolektiboko kideekin talde terapia garatzeko. Hortik harago, beste kolektibo batzuekin elkartu eta doako formatua duen eskaintza ugaritzea dute xede: «Gazteekin, migratzaileekin edo LGTBIQ+ kolektiboarekin proiektuak egin nahiko genituzke Donostiako errealitateari begiratzeko. Pertsona hauek aritzen diren espazioetara jo nahiko genuke, edo udalarekin eta elkarteekin elkarlanean aritu, gure zerbitzuak eskura eta doan izan ditzaten», aitortu dute.
Zerbitzuaren doakotasuna bultzatzea da, hain zuzen, bikotearen ardatzetako bat. Euren ekarpena osasun sistema publikotik bideratzea «oso zaila» dela aitortuta, buru osasuneko zerbitzuak irisgarriak izan daitezen egiten dute lan, eta, egun, euren lanaren «erdia baino gehiago» publikoki bideratzen dute: «Nik ez dut uste osasun mentala pribilegioa denik. Pribilegioa baino, zapalkuntza bat da, buru osasunerako eskubide hori ez zaigulako guztioi ematen. Zoritxarrez, pribatizatu egin da, osasun mentalaren zerbitzuak mantendu ditzakeen pertsonarekiko tarte oso klasista markatuta». •