Itxurosoa bezain engainagarria
LA INFILTRADA
Zuzendaria: Arantxa Etxebarria · Urtea: 2024 · Herrialdea: Espainia
Joan gaitezen zuzenean harira. Zertara dator uneko aktore mainstream-ak erabili behar hori? Harrigarria egin zitzaigun Imanol Arias gaztea etakide bat interpretatzen ikustea —Mikelen heriotza (Imanol Uribe, 1984)—, edo, berriki, Luis Tosarrek Juan Maria Jaureguiren hiltzailea eta Blanca Portillok haren emazte Maixabel Lasa —Maixabel (Iciar Bollain, 2021)— haragitzea. Bada, Arantxa Etxebarria zinemagile bilbotarraren La Infiltrada film berrienean Tosarrek berak errepikatuko du aktore taldean, Diego Anido, Victor Clavijo, baina batez ere, Carolina Yusterekin. Zortzi urtez ETAn barneratuta egon zen Polizia Nazionaleko agenteari aurpegia eta gorputza eskaini dizkio Yustek, Aranzazu Berradre Marin ezizenez batailatutakoari.
Generoko filmen kanonari buelta emanda emakume bat jarri du Etxebarriak erdigunean, eta aurten bertan estreinatutako Andrea Jaurrietaren Nina–rekin gertatu bezala, horien errepresentazio zinematografikoen berrirakurketa eginez, thriller feministak egiteko beharraz hitz egingo digu, egiterik badagoela aldarrikatuz. Infiltratutako emakumezko agentearen buruhausteei —etakideekin bizikidetza, kasua uzteko tentazioak, gainezka egitearen beldurra, erailketak, presio psikologikoa…— eman die bide Etxebarriak, eta hauxe du, bederen, filmak aldarri eta txalogarri.
Film poliziako bat da, erritmo narratibo bizia duena. Tentsioa une oro, intriga, eta batez ere, pertsonaia nagusiaren barne gatazka ditu motore. Beroaldi bete-betean iruditu dakiguke zinemagile bilbotarraren pelikulak harrapatuko gaituela; kontakizun epiko bat dakar, istorio existentzial bat, zirraragarria ikus-entzulearentzako. Hala izan zitekeen, baldin eta gertuko dituen Maixabel edo Patria eta La linea invisible telesailekin gertatu bezala, dakarren zuzentasun narratibo eta politikoarekin konformatuko bagina.
Baina testuingurutik guztiz kanpo dagoen istorioko protagonista da Yuste, garaiko (90eko hamarkada) egoera soziopolitikoari, gizarteko hausturei eta erronkei sakontasunik ez baitie Etxebarriak emango. Arrotza, laua eta, nolabait, hotza irudituko zaigu zinemagile bilbotarrak erretratatutako Euskal Herria, eta batez ere, Donostia.
Funtsean, itxurosoa bezain engainagarria da La Infiltrada, eta ez dio aparteko ekarpenik egingo Euskal Gatazka lez ezagun den gaiari. Azken hamarkadan ezagun egin dira gisako ekoizpenak, gure herrian urte luzez pairatu dugun gatazka armatua erdigunean jarriz, zauriak estali, memoria babestu edota bizitako mina plazaratzea helburu dutenak. Noski, aski garrantzitsua da gaia berrartzea, arrakalak bistaratzea eta zinemaren (artearen) bidez kontatu gabeko istorioak kontatzea, baina hainbat modutara egin daiteke, eta zaila da asmatzen zeinek funtzionatuko duen.