«Orokorrean, ez dago propioki animea ikustera joateko lekurik»
Animedon Donostiako Anime Topaketa egingo dute, lehenengoz, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen barruan. Urriaren 25etik azaroaren 1era egingo dute jaialdia, eta sail berri honen barruan, proiekzioak, tailerrak eta erakusketak egingo dituzte.
Nola bururatu zitzaizuen Donostian anime topaketa bat egitea?
Fantasiazko eta Beldurrezko Astea beti izan da animearen babesleku. Askotan, horrelako filmak ez ziren areto komertzialetara iristen, eta gehienbat, formatu domestikora zuzentzen ziren. Egia da hori pixka bat aldatu egin dela plataformak areagotu diren heinean, izan ere, bereziki Netflixek eta baita gainerako plataformek ere, ikusgarritasun handiagoa eman diote animeari. Ildo horretan, hasi dira frankizia garrantzitsuetako filmak areto komertzialetara iristen ere, baina guk uste genuen beharra zegoela topaketa batzuk antolatzeko, tradizio japoniarrari lotutako programa bat jasotzeko.
Nolakoa da animearen kontsumoa gaur egun?
Ikerketak badaude, eta adierazten dute Z belaunaldiaren %45 inguruk egunero ikusten duela animea. Urtean, gehienez, hamar pelikula estreinatzen dira; beraz, ez dira asko. Gehienbat, zuzenean, plataformetan jartzen dituzte ikusgai. Baina nik uste dut areto komertzialak animea programatzen hasi badira, erantzuna duelako dela. Hala ere, iruditzen zait gizartea ez dela kontziente animea hor dagoela, orokorrean ez dagoelako lekurik propioki hori ikustera joateko.
Batez ere, gazteak erakarri nahi dituzue Animedonera, ezta?
Bai, hori da ideia. Egia da, azkenaldian, gazteak ere joan ohi direla zinemara beldurrezko filmak ikustera, Marveleko filmez gain. Baina, orokorrean, ez dute ohitura hori, eta Animedonek zinemara joatearen esperientzia sustatzea nahi dugu.
Zein estreinaldi hartuko ditu Animedonek?
Guztira bost emanaldi izango dira. Alde batetik, Dragoi Bola–rekin lotutako omenaldia egingo dugu. Umeentzat eta euskaraz, Doraemonen azken filma —Doraemon: Nobitaren dinosaurio berria— proiektatuko dugu, eta beste hiru film ere izango ditugu: Give it all (estreinaldia estatuan), Anzu katu mamua (estreinaldia EAEn) eta The colours within (estreinaldia EAEn). Film guztiak euskaraz eta gaztelaniaz azpititulatuta egongo dira, eta bereziki, euskararen aldeko apustua egin nahi izan dugu. Gainera, belaunaldi gazteak erakarri nahi ditugunez, hor egin nahi dugu hizkuntzarekiko intzidentzia eta pedagogia.
“Uste dut areto komertzialak animea programatzen hasi badira, erantzuna duelako dela”
Nolako filmak dira?
Uste dut proposamen zinematografiko interesgarria dela. Estreinaldiak oso film pluralak dira, baina badute zeinu komun bat: guztietan gazte nerabeak dira protagonistak. Give it all filmak, gainera, Donostiarekin erresonantzia izan dezake, arraunean aritu nahi duten neska batzuen istorioa kontatzen duelako. Anzu katu mamua, kostunbrismotik abiatuta, eromenera bidean doan film bat da, eta oso lotsagabea den katu mamu bat da protagonista, etxe bateko zerbitzari lanak egiten dituena. Azkenik, The colours within film arraroa da anime bat izateko, egia esan. Teknikoki ikaragarria da, eta oso ederra da bere alderdi artistikoa. Emakume bat da zuzendaria, eta hori ez da batere ohikoa. Neskato naif bat da filmeko protagonista, eta kinestesikoa da; hau da, pertsonak koloreen gisan ikusten ditu. Oso bitxia da, eskola kristau batean girotuta dagoelako, eta kristautasuna Japonian ez dago oso zabalduta.
Filmez gain, Dragoi Bola–ren lehen atala proiektatuko duzue euskaraz. Nolako ekitaldia izango da?
Aurten, hainbat kasualitate gertatu dira. Batetik, komiki originalaren 40. urteurrena ospatu da. Bestetik, urrian 35 urte bete dira ETBk, lehen aldiz, euskaraz Dragoi Bola eman zuenetik, eta tamalez, martxoan, Akira Toriyama zendu zen, Dragoi Bola–ren autore originala. Uste dut Euskal Herrian Dragoi Bola–k belaunaldi bat edo bi markatu zituela, beraz, aproposa iruditu zitzaigun lan horretan aritu zirenei aitortza egitea. Horregatik, nahiko ekitaldi animatua prestatu dugu. Zuzeneko musika eta gonbidatu bereziak izateaz gain, opariak banatuko ditugu. Hala ere, garrantzitsuena lehen atal hori pantaila handian eta kalitate onean proiektatzea izango da, eta baita ondoren lau partaiderekin izango den tertulia ere.
Gaur egun, euskarazko bikoizketa gehiago behar dela uste duzu?
Bai, noski. Beti dago behar hori, orokorrean; baita zineman, literaturan eta musikan ere. Nire iritziz, Dragoi Bola–k bere garaian behar bati erantzun zion, eta hain zuzen ere, behar horri erantzun ziolako ari gara orain omenaldi hori antolatzen. Ikusi beharko genuke, hemendik 30 urtera, horrelako beste omenaldirik egiteko aukera izango genukeen edo ez. Beti beharko dugu bikoizketa gehiago, beti.
Filmak proiektatzeaz gain, hainbat jarduera paralelo ere izango dira.
Bai. Dragoi Bola da aurtengo arrazoi nagusia, eta horrekin lotuta, bi erakusketa izango ditugu: bata San Jeronimoko kriptan, eta bestea Liburutegi Nagusian. Horrez gain, gaur, Tabakaleran, anime pertsonaiak 3D-an modelatu eta inprimatzeko lantegia izango dugu. Eta datorren astean, animearen inguruko bi hitzaldi eta animea ikus-entzunezkoetara nola ekartzen den ikasteko beste hitzaldi bat izango ditugu.
Gaur hasi eta azaroaren 1era arte, Animedon Donostiako Anime Topaketak egitarau oparoa izango du. Programa filmen proiekzioek, tailerrek, hitzaldiek eta erakusketek osatzen dute.
EGITARAUA
Urriak 18
17:00 · Tabakalerako Medialaben
Anime pertsonaiak 3D-an modelatu eta inprimatzeko lantegia, Iñaki Benitoren eskutik.
Urriak 20
19:00 · Antzoki Zaharrean
Omenaldia: Son Gokuk euskaraz hitz egin zuenekoa.
Urriak 21
19:00 · FNACen
Hitzaldia: ‘El quinto emperador’ youtuberrarekin, One Piece–ren arrakastaz.
Urriak 22
19:00 · Tabakalerako Klub aretoa
‘Cyberpunk: Phantom Liberty’ animatzen, Gaizka Alarciarekin.
Urriak 23
19:00 · FNACen
Kabe zigilua: nola ekarri manga euskarara?, Mikel Murorekin.
Urriak 26
12:00 · Viktoria Eugenia antzokia
Doraemon: Nobitaren dinosaurio berria filma.
19:00 · Viktoria Eugenia antzokian
Nobuhiro Yamashita eta Yôko Kuno zinemagileen Ghost cat Anzu filma.
Urriak 27
19:00 · Viktoria Eugenia antzokia
Naoko Yamadaren The colors within filma.
Azaroak 1
19:00 · Viktoria Eugenia antzokia
Yūhei Sakuragi zinemagilearen Give it all filma.