Turismo jasangarria lortzeko «etxeko lanak» mahaigaineratu ditu EH Bilduk
Donostiako turismoak goranzko joeran jarraitzen duela deitoratu du EH Bilduk, eta lau lan ildo proposatu ditu hurrengo udara begira. Halaber, gogorarazi du turistifikazioaren aurkako borroka estatuan zein Europan saretzen ari dela, eta Bizilagunekin plataformak manifestaziora deitu duela hilaren 27rako Donostian.
Uda pasatuta, aurtengo turismo datuak baloratzeko agerraldia egin du ostiral goizean udaletxean Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak: “Datuek berresten dute turismoak hazten jarraitzen duela, Eustaten arabera, %4,5 egin baitute gora hiriko bisitarien sarrerek, Gasteizen eta Bilbon jaitsi egin diren bitartean”. Halaber, gogorarazi du azken pertzepzio inkestak dioela donostiarrek %82ak duela turismoa bere mugara iritsi dela hirian.
Uda da turismoarentzat garairik aktiboena, baina Ormazabalek nabarmendu duenez, Donostian urte osoan nabaritzen da dagoeneko turismoaren eragina, eta, horregatik, “gaiari eta garaiari dagokien lekutik begiratzeko unea” dela adierazi du: “Heldutasunez, ausardiaz eta herritarra, bizilagunak, erdigunean jarriz. Ezin gara hurrengo udara iritsi eztabaida hau sustraitik landu gabe”. Izan ere, gaineratu duenez, “turismoa handitzen denean, egunerokoan hiriak behar dituen baliabideak kontsumitzen ditu, eta baliabideen birbanaketa ez da modu orekatuan egin Donostian”. Turistifikazioa gehien pairatzen duten auzoetako datu bat ere hizpidera ekarri du zinegotziak: “Parte Zaharrak, Grosek eta Antiguak 1.289 bizilagun galdu dituzte zazpi urtean, hau da, biztanleriaren %3,5”. Hiriko biztanleria kopuru orokorra, aldiz, 2.650 biztanletan igo da 2015etik.
Lau lan ildo
Egoera horren aurrean, EH Bilduk uste du neurri eraginkorrak hartu behar direla turismoaren arloan, baita turismoa bere osotasunean aldatu ere. Horretarako, lau lan ildo proposatu ditu koalizio abertzaleak, hemendik hurrengo udara bitarte Donostiako Udaletik landu beharrekoak, “etxeko lan” gisara.
Lehenik, “hiri eta auzo bizigarriak sustatu” behar direla nabarmendu du Ormazabalek, “turismoa jasangarria dela esan ahal izateko, auzo bizigarriak edukitzea baita aukera bakarra”. Horretarako, auzo bat bizigarria izan dadin eduki behar dituen ezaugarriak identifikatu eta sustatu behar direla azaldu du, “bizilagunak erdigunean jarriz”: “Hiri ereduaz ari gara. Nolakoak izatea nahi dugu gure auzoak? Etxebizitza eskubidea bermatua izatea, hurbileko zerbitzuak izatea, kalitatezko espazio publikoa izatea, eta abar”.
Bigarrenik, hiriko turismoaren karga ahalmena ezarri behar dela aldarrikatu du Ormazabalek: “Donostiak ez du horrelako tresnarik eta erreferentzia ukigarririk gabe ezarri da, adibidez, Parte Zaharra eremu saturatu izendatzea. Turista taldeen muga, adibidez, irizpide matematikorik aintzat hartu gabe ezarri da eta ez da eraginkorra. Horregatik, irizpide matematikoak ezartzea da aukera bat. Edonola, turismoaren karga ahalmena ezarri behar da, beharrezkoa dela Donostiako errealitate desberdinetarako analisi tresna espezifiko bat diseinatzea eta aplikatzea”. Gaineratu duenez, beste hiri batzuetan mahai gainean dagoen eztabaida da turismoaren karga ahalmena ezartzearena, eta hori bera egiteko proposatu du EH Bilduk gaiaren inguruko hurrengo udal batzordean.
Hirugarrenik, “turismoaren gobernantza eredua aldatzeko”, EH Bilduk deritzo herritarrak “gaitu” behar direla “turismo jarduera planifikatzeko”: “Turistifikazioak eragindako auzoetan administrazioaren eta bizilagunen arteko hartu-emanerako dinamika eta espazio iraunkorrak eratzea proposatzen dugu. Adibidez, goi denboraldian alkatea kaltetutako auzoetako bizilagunekin biltzea hilean behin”. Ildo beretik, Donostia Turismoa udal sozietateari turismoan esku hartzeko “eskumenak” eman behar zaizkiola aldarrikatu du Ormazabalek: “Etxe turistikoen zabalkundea, adibidez, ez zen hortik etorri, Hirigintza Sailetik baizik. Donostia Turismoak sustapenerako eskumena dauka soilik, eta hori aldatu behar da”. Izan ere, udal sozietate horretan udalean ordezkaritza duten bost alderdiak daude ordezkatuta, eta ez soilik udal gobernukoak.
Azkenik, hiriko ekonomia eredua berrantolatu behar dela nabarmendu du Ormazabalek, “ekonomia sendo eta ez-mendeko bat” edukitzeko: “Turismoak sortzen dituen 15.000 lanpostuak eta hiriko BPGan duen %13,9ko inpaktuak desoreka adierazten dute hiriko ekonomian eta epe ertainean arriskutsua izan daiteke”. Hori pandemia garaian agerian gelditu zela gogorarazi du zinegotziak, baita deitoratu ere hori gertatuta ere, gaur egun, hiriko ekonomian ez dagoela “B planik”.