Alaia Martin jacuzzi aparretan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen final-laurdenekoan
Bertsolari oiartzuarrak irabazi du 531,5 punturekin Eibarren jokatu den saioa. Bere atzetik gelditu dira: Agin Laburu (503,5 p.), Eneko Araiztegi "Korta" (469 p.), Haizea Arana (458,5 p.), Manu Goiogana (448 p.) eta Aratz Igartzabal "Potto" (438 p.)
Eibarko Coliseo Antzokian 450 bertsozaletik gora zeudela eta aurtengo txapelketaren sintoniaren konpasean iritsi dira oholtzara sei protagonistak Iban Narbaiza aurkezlea gidari zutela. Eneko Araiztegi, Haizea Arana, Agin Laburu, Alaia Martin, Manu Goiogana eta Aratz Igartzabal. Sei bertsolari eta sei kantaera ezberdin, finalerdietarako txartela eskuratu nahian. Nabari zen txapelketaren ohiko tentsioa eta inor ez zegoela bere okela merke saltzeko prest. Hala ere, txapelketaren tentsio horrek ez du saioa neutralizatu eta distira handiko uneak utzi dituzte.
Hasierako agurrak sarritan izaten dira bakoitzaren lehia-grina neurtzeko neurgailu aproposak, bertan ikusten baita bakoitza zertara datorren. Alaia Martinek honela hasi du bere agurra: “Bertsolaritza ez al da/ arnasbidezko spray-a?/ Eraldatzen du garena/ eraldatzen du pasaia…”. Poesia, ironia eta arrazoia teknika ezin hobearekin uztartu ditu Martinek hasieratik. Aratz Igartzabal gabiriarrak bere hasierako agurrari bukaera hau eman dio: “armaginen herrira/ bagatoz kantura/ armak ateratzeko/ garaia heldu da”. Eta halaxe izan da, hasi eta buka, norberak bere armak erabiliz eraldatu dute bertsozaleon gozamenerako hitzaren gerra errimatua.
Zortziko handian egin dituzte lehen bertso puntuagarriak. Hiru eskuz txalotzekoa izan da Agin Laburu eta Alaia Martinek, 2019ko Illunbeko bi finalistek, Santiago bidea motxilaren zamarekin egin ala ez eztabaidatzen egin duten bertsoaldia. Elkarrizketa ederrean ale distiratsuak utzi dituzte. Laburuk bideratu du lehen kolpea: “…hirurogeina urte ditugu/ ta Alaia badakizu/ bizkarrerako adina ez al da/ guretzat nahikoa pisu?”. Martinek bigarren bertsoan oso-osorik honela erantzun dio: “Botafumeiro famatu hura/ gertutik nahi dut ikusi/ eta berdin zait baldin bagara/ adinez oso nagusi/ luxurik gabe egin nahi nuke/ ez suite eta ez jacuzzi/ nire gorputzaz harro egon nahi dut/ bere baba eta guzi”.
Ondorengo lanak hamarreko txikian egin dituzte eta hemen ere gaurko irabazlearen bertsoak azpimarratzeko modukoak iruditu zaizkit. Manu Goioganarekin egin du hamarreko txikiko lana eta Narbaizak gai hau jarri die: Epaiketa batetan Alaiaren aurka ibili zen Manu abokatua, gaur biak kalean gurutzatu dira. Martinek lehenengo bertsoa gaiak eskatzen zuen osotasunarekin eraiki du: “Hemen azaldu zara/ zure borondatez/ zure egoa eta/ maletina maitez/ burua tente eta/ bi sorbaldak artez/ kalean gaude hemen/ aspaldiko partez/ ba bai kalean nago/ izorratu zaitez”. Goiogana, nahiz eta gaiak oso rol zailean kokatu duen, ederki erantzuten saiatu da oiartzuarraren artelana, baina Martinek bigarren bertsoan ale gozagarri hau erantsi dio: “…zuk niretzat daukazu deabruen antza/ zalantzan jartzearren nire testigantza”. Hau gutxi ez eta honela amaitu du azken bertsoa: “…horrek soilik eusten du/ gaur nere bizia/ batzutan existitzen dela justizia”.
Hirugarren lanaldian, bakarka hiru zortziko txiki lehen puntua emanda osatu behar izan dituzte. Ariketa irristagarri bezain konplikatua izaten da puntu-erantzunena, asmatzea zaila eta huts egitea erraza. Hala ere, txukun ibili dira sei protagonistak Narbaizak jarritako puntuak erantzuten eta izan dira tartean distira handiko erantzunak ere. Esaterako, Aranaren hiru erantzunek aipamen berezia merezi dute. Ligatzeko aplikazioak gaitzat hartuta hau izan da erantzunetako bat: “Noiz ote errazago/ orain ala lehen?/ Neri gustatu ohi zait/ orain eta hemen/ nahiz ta oraindik naizen/ gazte eta lerden/ berez ez daukat argi/ ligatzea zer den”.
Hurrengo eginbeharrak zortziko txikian baina binaka burutu dituzte eta ohikoa den umoretik joan dira hiru bikoteen bertsoaldiak. Denek gozatu dute ofizio honetan eta bat aipatzekotan Laburu eta Igartzabalenak aipatu beharko. Igartzabal bilobak txirrindularitza karrera bat duen aldiro, Laburu aitonak kandelak pizten dituela eta freskura ederrean ibili dira elkar zirikatzen.
Amaitzeko, azkeneko lan puntuagarria ganbarakoa izan da. Esan beharra dago, final-zortzirenetan saioaren erdian kokatu zutela antolatzaileek, baina final-laurdenetan bukaerara ekarri dute berriz eta bertsolariek eta publikoak uste dut eskertu dutela. Ganbarakoa beti da bertsozaleon garunetan iltzatuta gelditzen den lanaldi estimatuenetako bat, denak banan-banan, gai berari kantatu behar izaten diote normalean gai nahiko zabal bati, bertsolari bakoitzaren originaltasuna eta irudimena sarituz. “Badakizu esango diozunak bizitza aldatuko diola”. Horixe izan da sei bertsolariei jarri zaien gaia eta bakoitzak gidoi, protagonista eta kokaleku ezberdinak plazaratu ditu.
Eneko Araiztegi segurarra izan da lehenengoa kantatzen eta baserritar gazte baten ahotik kantatu du, amari baserriko-lanak utziko dituela esan dio eta bide berriak probatu nahi dituela. Betelanean zorrotz eta bukaera indartsu bezain fina utzi digu: ‘’…maite denari tarteka joaten/ utzi egin behar zaio”.
Haizea Aranak handitzean mutila izan nahi zuela eta, honako hau aitortu dio bere txikitako argazki bati : “…egingo zara bollera/ eta irtsiko zara/ nahi duzuna izatera”. Agin Laburuk onkologoaren paperetik hogeita hiru urteko neska gazteari minbizia duela esan dio, bukaeran maitasuna eta medikuntza bi erreminta baliokide direla aldarrikatuz.
Alaia Martinek, bigarrenez haurdun dagoen amaren ahotik, bere semeari anaitxo bat izango duela azaldu dio. Bertsoaldi hau izan da saioko puntuazio altuena eskuratu duena. Larogeita hamar urte doinuan zehatz eta goxotasunez eraiki ditu bertso bakoitzaren zortzi puntuak. Lehenengoaren amaieran: “…umetxo bat jaioko da/ ta zure anaia izango da” kantatu du. Bigarrengoan: ” …lau hitzekin hautsiko dut/ beraren inozentzia”. Eta azkeneko bertsoan kontakizun osoaren koherentzia,”…orain gorrotu duzuna/ maiteko duzula gero”, botata josi du.
Manu Goiogana irundarrak ere, bertsoaldi aparta osatu du 2020an Zaldibarko zabortegiko gertakaria errealismo eta zorroztasun ikaragarriarekin ekarriz. Alberto Sololuzeren emazteari telefonoz gertatukoa nola kontatzen dion kantatu du. Azkenik, Aratz Igartzabalek, gurasoaren ikuspuntutik, bere 7 urteko haurrari Olentzeroren kontakizuna deseraiki dio.
Entretenigarria, ederra eta altxor esanguratsuen fokupean plazaratu da lehenengo final-laurden hau. Alaia Martinek gaur burutu duen lana, goitik behera berriz entzuteko modukoa izan da. Horrela jarraituz gero, ingurukoek kostata urratu beharko dute eztarria. Agin Laburu ere, koxka bat beherago, baina oso ongi etorri da argipera aurtengo txapelketako estreinaldian. Zertara datorren argi utzi du Astigarragako bertsolariak Eibarko Coliseo Antzokiko oholtzan.
Beste lau final-laurden gelditzen dira: Oreretan urriaren 20an, Azkoitian urriaren 26an, Irunen urriaren 27an eta Tolosan azaroaren 3an. Momentuz, Alaia Martin, gaurko irabazlea, zuzenean sailkatu da finalerdietara. Beste saioetako lehenengoak ere, zuzenean sailkatuko dira eta falta diren hamahiru bertsolariak lortutako puntuen arabera sartuko dira finalaren aurreko atarira. Bitartean, jarrai dezagun bertsoaz gozatzen.