Añorgako futbol zelai berritua inauguratu dute
Duela aste batzuk hasi ziren Añorgako futbol zelai berritua erabiltzen, baina igandean egin zuten inaugurazio ofiziala, Añorga Kultur eta Kirol Elkarteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkariekin. Egunero, hamasei taldek eta 600 lagunek erabiltzen dute zelaia, entrenamenduetarako eta partidetarako.
Hiru hilabete iraun zuten berritze lanek, eta 888.466 euroko kostua; horietatik, 250.000 euro Donostia Kirola udal erakundeak jarri ditu. Honako esku hartze hauek egin dituzte, besteak beste: belar artifiziala eta zoladura ordezkatzea, jokalekua zabaltzea eta lekualdatzea arauzko gutxieneko neurriak gainditzeko, argiztapena hobetzea, bai eta drainatze sistema, saneamendua eta ureztatze sistema automatikoa instalatzea ere.
“Eremua berritzea taldeen eskaera historikoa zen, instalazioak zaharkituta geratu baitziren eta ez baitziren egokiak ematen zaien erabilera intentsiborako”, nabarmendu du Donostia Kirolak.