Beñat Gaztelumendi finalerdietara sailkatu da, Oreretan irabazita
2015eko eta 2019ko Gipuzkoako txapeldunak 493 puntu erdietsi ditu Oreretako Lekuona Fabrikan izan den final-laurdenean. Añorgako bertsolariaren atzetik gelditu dira: Iñigo Gorostarzu 'Etxorde', Beñat Iguaran, Unai Gaztelumendi, Oihana Arana eta Aitor Salegi.
Eibarko final-laurdenean tentsioa agerikoa bazen, Oreretakoa ez da atzean gelditu. Aste honen hasieratik sarrera guztiak salduta zeuden eta bertsozalez goraino beteta ikusi ditugu Lekuona Fabrikako harmailak. Antzoki berri eta moderno honi fabrika hitza primeran etorri zaio gaurkoan. Izan ere, fabrikako buzoa jantzita ibili behar izan dira sei bertsolariak oholtzaren gainean lanean. Kostata eta gazi-gozo ibili dira hasieratik, proposatutako gaiak ezin nahi bezala lurreratuta eta distira handirik gabe.
Beñat Gaztelumendi izan da saio puntuagarrian hutsik egin ez duen bertsolari bakarra. Lan guztietan utzi du bere aletxoa, hamarreko txikian esaterako primeran josi ditu bertsoak, baina ganbarakora arte ez du bere ohiko goi-mailako bertsokera hunkigarria ekarri.
Ganbarako gaia adar desberdinetatik heltzeko modukoa izan da: “Denbora asko egin duzu zain, badator”. Gipuzkoako txapeldunak haurraren ikuspuntutik eskolara bere bila berandu datorren aitari kantatu dio. Beñatek ere, Alaia Martinen eran, zortzi puntuko doinu bat erabili du. Kasu honetan, XILABAra jina nauzu sei puntuko doinua, Nerea Ibarzabalek 2023ko Bizkaiko Txapelketan egin zuen modura, zortzira luzatu du. Bi minutu eta hogei segundo behar izan ditu hiru bertsoak buruan eraikitzeko eta bertsoak bata bestearen atzetik bota ditu. Lehenengo bertsoan gaia kokatu eta bigarrenean maisulanez goitik beherako bertsoa osatu du: “…nola beldurrei eusten nik/ nahi bezala ez dakidan/ ai ene nere bihotza/ zeinen azkar doakidan/ aitatxok besarkatu nau/ zenbat emozio nigan/ zer pasako nituen ba/ hamar minutu segidan?/ ze gutxi izan diren ta/ ze luze egin zaizkidan”. Hirugarren bertsoa ere azpimarratzekoa izan da eta honela borobildu du Gaztelumendik bere saio puntuagarria: “…bihar ere eskolako/ garaia heldu dadila/ baina behar den orduan/ etor zaitez nere bila”.
Bigarren Iñigo Gorostarzu Etxorde berastegiarra izan da. Hasierako agurrean azaldu du bere intentzioa bertsiorik onena eskaintzea zela. Puntu-erantzunetan besteen gainetik jardun du txanpon eta kreditu-txartelen inguruan Aizpea Garmendiak helarazi dizkion puntuak maisuki erantzunda. Gainontzeko lanetan ere, ez da bere bertsio onenetik urrun ibili. Ganbarakoan fin zebilen arren, bigarren bertsoan “entendintzen” hitzarekin poto egin du. Hala ere, akatsak akats, eta oztopoak oztopo, bigarren postua eskuratu du eta finalerdien ametsa ez zaio desegin momentuz. Espero dezagun poto horrek finalerdietatik at ez uztea Etxorde.
Amets egiteko ere aukerak baditu momentuz Beñat Iguaranek. Hirugarren postuan 451,5 punturekin gelditu baita Amasako semea. Saio irristakor honetan erregularrena izan da laurogeita hamar punturen bueltan egin baititu lan guztiak. Hanka-sartzerik gabe tinko eutsi dio Iguaranek ohiko bertsokerari. Duela bost urteko txapelketari erreparatuta, nahiz eta konparaketak inoiz ez diren gustagarriak izaten, 451,5 punturekin Unai Gaztelumendirentzat izan zen finalaurrekoetara sartzeko azken txartela.
Gaztelumenditarretan gazteena laugarren koxkan pausatu da Oreretako saioan 444 punturekin. Beñat anaiaren aldamenean esertzea tokatu zaio Unairi eta anaitasuna babesgune bilakatu dute bi anaiek saio osoan zehar. Ganbarakoan bi abortu pairatu dituen bikotekidearen ondoan kokatu da eta, azkenean, hainbeste itxaron ostean jaio den haurraren inguruan zorrotz eta samurtasunez eraiki du bere testigantza.
Bosgarren postuari Oihana Aranaren izen-abizenak egokitu zaizkio 440 puntu zakuratuta. Eskoriatzako bertsolaria hotz hasi arren zortziko handiko lanetan, pixkanaka berotu eta gorantz joan da pieza politak plazaratuz Lekuonako oholtza gainean. Goraipatzekoa bere errimategia eta betelanean zeinen natural eta zehatz deskribatzen dituen pasarteak. Amaieran agur eder bezain hunkigarriarekin publikoaren txalo zaparradak irabazi ditu.
Seigarren postuan 427 punturekin Aitor Salegi zestoarra izan da. Udaberriko sailkapen-fasean zein udazkeneko final-zortzirenetako bertsokeraren bila ibili da. Ideiak ekarri ditu, baina ezin izan du nahi bezala adierazi. Hala ere, azpimarratzekoa zortziko handian Iguarani prentsa arroseko lan-eskeintza bat onartzeko prest zegoela eta bota dion lehenengo kolpea: “…ustez hain ginen iraultzaileak/ ginen horren amestiak/ kritikaz josi dituzu Beñat/ bai goiak ta bai azpiak/ uste baino lehen saldu dituzu/ zure ideal guztiak”.
Honenbestez, final-laurdenen lehen asteburua joan zaigu eta beste hiru saio gelditzen dira gure belarriak alaitzeko. Momentuz faborito guztiek txukun bete dituzte euren betebeharrak, eta ez da gutxi. Behin baino gehiagotan, batek baino gehiagok, kolpe latza hartu baitute. Beraz, ikusi beharko dugu kantatzeko falta diren hemezortzi bertsolariak zer gorputzaldirekin plazaratzen diren Azkoitian, Irunen eta Tolosan izango diren saioetan. Bitartean, bisitatu bertsoa.eus ataria eta gozatu orain arteko bertsoaldi onenekin.