Donostia tentsio handiko hiri izendatzeko txosten guztiak prest daude, EH Bilduk adierazi duenez
Agerraldia egin du gaur Donostiako EH Bilduk, hiriko etxebizitzaren egoeraren inguruan bere kezka adierazteko. Koalizioaren gogora ekarri du hainbat izan direla aurkeztu dituzten zuzenketak, eta “horiei esker” araudien norabideak “hobetu” egin direla.
Hedabideen aurrean egindako agerraldian, Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Donostiako udal bozeramaileak gogorarazi du abuztuan Etxegintzako Administrazio Kontseilua deitzea eskatu bazuen ere, proposamen horiek eta egin diren beste batzuk eztabaidatu ahal izateko, iradokizuna atzera bota zela. Ondoren, baieztatu duenez, Etxegintza irailaren 25ean bildu zen. Adierazi dutenez, orain prest daude tentsio handiko eremu izateko beharrezkoak diren txosten guztiak; “egun bakar bat ere itxaron gabe, Eusko Jaurlaritzara bidaltzeko eskatzen diogu udal gobernuari”.
Hiru lan ildo nagusiak
EH Bilduk hiru lan-ildo jorratu dituela jakinarazi du: “babestutako etxebizitza publikoen (BPE) ehunekoa handitzea, kalifikazioa BPE parkea handitzeko erabiltzea eta hutsik edo jenderik gabe dauden etxebizitzak mobilizatzea”. Nabarmendu dutenez, egin zituzten hemezortzi proposamenetatik, zazpi onartuak izan direla, beste zazpi aldaketekin onartuak, eta lau baztertuak, jasotzen zuten muina edo norabidea “jada aurreikusita” zegoela baloratu zelako.
Aldaketaren batekin onartutako proposamenen artean ondokoak azaldu ditu Izagirrek: “Etxebizitza publikoaren ehunekoa handitzea aurreikusten da;’kalifikazioaren’ figura erabiltzea etxebizitza babestuaren kopurua handitzeko eraikuntza berrien beharrik gabe. Loiolako kuartelei dagokienez, legeak ezartzen duen etxebizitza publikoaren minimoa (%40) jasotzen zuen eragiketak; orain, EH Bilduk eskatuta, bideragarritasuna ahalbidetuko duen etxebizitza publikoaren maximoa egingo da”. Edonola ere, oraindik ez da zehaztu maximo hori zenbatekoa izango den.
Era berean, “3/2015 Legeak jasotzen duen bezala, Etxebizitza Hutsen Erregistroan inskribatutako etxebizitzen nahitaezko alokairua aplikatzeko modua aztertzea proposatu dugu, baldin eta, inskribatu zirenetik urtebete igaro ondoren, hutsik jarraitzen badute”. Helburua da hutsik dagoen etxebizitza eraiki zeneko helburu sozialera bideratzea: etxebizitza-premiari erantzutea edo bertan bizitzea, alegia.
“Pozik” agertu dira EH Bildukoak, “planak lehen aurreikusten ez zituen jarduera-ildoak jasotzen dituelako”, Izagirreren arabera. “Positiboki baloratzen dugu emaitza, baina ez gaitu behin betiko gogobetetzen, egindako aldaketek hasierako proposamenak gutxiesten dituztelako eta hobetzeko tarte handia geratzen delako. Baina orain aurkeztuko den Plan hau, EH Bilduren ekarpenen ondoren, Plan hobea da”.