Igeldoko udazken jaia egingo dute asteburuan
Urteroko legez, kultur jardueraz gozatu eta bertako ekoizleen produktuak eskuratzeko aukera izango dute Igeldora gerturatzen direnek.
Ohiko moduan, urriko hirugarren edo laugarren asteburua iristearekin bat, bueltatzen da jaia Igeldora. Udazkenari ongietorria eginez, hainbat kultur jarduera egiten dituzte herritik zehar, haur zein helduentzako. Era berean, sabelak zein despentsak betetzeko aukera ere izaten dute bertaratzen direnek, herri bazkariaz gain, azoka antolatzen baitute inguruko baserriko produktuekin.
Aurten, ibilaldi batekin hasiko dute udazken festa. Haurrentzat zein helduentzat bideratutako jarduera 16:30ean hasiko dute, plazatik bertatik abiatuta. Zangoak zertxobait berotu ondotik, 18:30ean, Mikra akrobazia ikuskizuna izango dute frontoian, Berdinki zirku konpainiaren eskutik.
Igandean berriz, azoka izango dute igeldotarrek. 10:00etatik 13:30era bitarte, inguruko baserri eta sortzaileen elikagai zein produktuak eskuratzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Besteak beste, gaztak, txerrikiak, esnekiak, loreak, barazkiak, lupuludun produktuak, marmeladak, kontserbak, belarrak, eskuz jositako produktuak, ogia eta artisau oinetakoak izango dituzte salgai, plazan jarritako postuetan. Goizean, halaber, kantujiran arituko dira, 12.30etik aurrera.
Azokaren ostean, berriz, bazkaria egingo dute, eta urteroko moduan, herriko jubilatuak omenduko dituzte (14:00). Janari eskaintzak du etenik izango, goizean ere 18:00etan, taloak jateko aukera izango dute. Janari eskaintzak ez ezik, eztarriak freskatzeko aukera egongo da egun osoan zehar, zabaldutako afixan jaso dutenez, barra irekita egongo baita goizez zein arratsaldez.