Goiak dio «epe laburrean» helaraziko dituztela Donostia tentsio handiko eremu izendatzeko txostenak
Eusko Jaurlaritzari bidali aurretik, Tokiko Gobernu Batzordeak onartu behar du espedientea.
Ez da datorren asteartean izango, baina “epe laburrean” izango dela aurreratu du Eneko Goia alkateak. Donostia tentsio handiko eremu izendatzeko txostenak laster igorriko dizkio udalak Eusko Jaurlaritzari. “Prozedura konplexua da, epe asko dituena, eta alegazio asko aintzat hartu dituena. Horietako batzuk gainerako udal alderdienak dira”, azaldu du Goiak.
EH Bilduk atzo egindako agerraldi baten harira etorri da alkatearen erantzuna. Juan Karlos Izagirre bozeramaileak jakinarazi zuen hiria tentsio handiko eremu izendatzeko txosten guztiak prest daudela. Horrekin batera, Izagirrek esan zuen datorren asteko asteartean onartu dezakeela gobernu batzordeak espedientea. Goiak, ordea, aukera hori baztertu du: “Ez da datorren astearteko batzordean izango, baina bai epe laburrean”.
Burutaran, kritiko
EH Bilduko zinegotzi Ricardo Burutaran kritiko agertu da Goiaren adierazpenekin. “Alkateak berriro atzeratu du tentsio handiko eremu izateko eskaera alegazioak baloratzen ari direla modu faltsuan argudiatuz, Donostiako Etxegintzak txertatu beharreko ekarpenak adostu dituenean jada. Lortutako akordioen aurka joateko asmoa al du?”, azaldu du sare sozialetan.