La Cumbre jauregia memoria gune bihurtzeko proiektua aztertzen ari dira
Eneko Goia: "Proposamena aztertu behar dutela esan digute, eta erantzuteko denbora beharko dutela".
Urriaren 19an bi urte bete ziren Espainiako Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legea indarrean sartu zenetik. Aieteko La Cumbre jauregia urtebeteko epean Donostiako Udalaren eskuetara pasatzea adostu zuten, baina ezarritako epeak eta baldintzak oraindik ez dira bete.
Horren inguruan galdetuta, Eneko Goia alkateak ez du argitu udalaren eta Espainiako Gobernuaren arteko hitzarmena noiz sinatuko den. Pasa den ekainean, hitzarmen eskaera bat helarazi zion udalak Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzari. La Cumbre jauregirako proiektu bat ere proposatu zuten. Erantzunik jaso ez zutenez, irailean beste idatzi bat bidali zuen udalak, eta Goiak esan du duela egun gutxi jaso dutela idazkaritzaren erantzuna: “Proposamena aztertu behar dutela esan digute, eta erantzuteko denbora beharko dutela”.
Proiektuaren aurkezpena
Hainbat talde memorialistek Aiete auzoko La Cumbre jauregian memoria gune bat sortzeko proposamena aurkeztu zuten urriaren 15ean, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean. Egiari Zor fundazioko kide Pilar Garaialdek azaldu zuenez, “hemezortzi hilabeteko” lanaren fruitua da proiektua, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Argituz elkarteak, Altzako Mikel Zabalza Herri Ekimenak, Berridatzi elkarteak, Egiari Zor fundazioak eta Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren senideek elkarlanean idatzia.
Proiektuaren xedea da La Cumbre “ikerketarako, biktimen aitortzarako eta erreparaziorako eta, batez ere, dibulgaziorako gunea” izatea.