Urte bat Palestinaren alde
Milaka lagun batu dira astelehenean, Euskal Herriko 178 herritan, Palestinaren alde eta gerraren kontra, Gernika Palestina elkarteak deituta, iaz Donostian egindako mobilizazio jendetsuaren urteurrenean.
Leire Vargas Durangoko bertsolari eta idazleak idatzitako poemak irakurri dituzte elkarretaratzean: “[…] Herri bati/ non heriotza arnasaldi artean den gertatzen,/ hala esan dit Mohammed El-Kurdek,/ nik heriotzaz ez baitakit ezer […]”. Izan ere, Israelek 43.000 palestinar baino gehiago hil ditu iazko urriaren 7an sarraskia hasi zuenetik, eta salatu dute, halaber, Gazako azpiegituren %70 suntsitu dituela Israelgo armadak.
Honela idatzi du Vargasek: “[…] eta zelan ez dela genozidioa/ zelan ezetz errefuxiatu-guneak ari direnean bonbardatzen/ euren gorputzaz gain dena kendu dioten/ euren gorputza baino/ ez duten pertsonak direnean jo-puntua/ eta gorputza ere ari zaienean ahitzen gosea, polioa eta hepatitisa./ euren gorputza Gazako lurraren fruitua delako gorputz oro gorpu izan arte ez dutelako lurperatuko Palestina/ eta zelan ez da hori izango/ genozidioa/ […]”.
Mendebaldeko herrialdeen erantzukizunen ingurukoak ere jaso ditu bertsolariak testuan, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen funtzioa kolokan jarri du: “[…] mendebaldea ekialdeaz bazkatzen beste behin/ […] Estatu Batuek betatu badezakete nazioarteko justiziak epaitua/ zer da Nazio Batuen Erakundea/ zer Nazioarteko Zigor Auzitegia/ onartzen bada nazioarteko legea/ (bere horretan luze eman genezakeena kritikatzen/ […]”.
Testua irakurri ondoren, minutu bateko isilunea egin dute, Mahasen al-Khatib irudigilea —Gernika-Palestina elkarteko kolaboratzaile— eta Israelgo armadak hil dituen gainerako 43.000 palestinarrak oroitzeko.