Donostiako 50 eragilek «desazkunde turistikoa» aldarrikatuko dute igandean
Donostiako denetariko elkarte, talde eta antolakundeek bat egin dute Bizilagunekin plataformak datorren iganderako, urriak 27, deitutako manifestazioarekin. Alderdi Ederretik abiatuko da 12:00etan.
Bizilagunekinek salatu duenez, “uda honetan ere bisitarien sarrerek, gaualdiek eta eguneko batez besteko prezioek gora egin dute. Beste uda bat errekorra hausten, industria turistikoak ospatzen duen hazkunde etengabean”. Plataformaren arabera, “gutxi batzuentzat urrezko arrautzen oiloa den turismoa, gehiengoarentzat ito egiten gaituen eredu ekonomikoa da”.
“Kaleak masifikatuta, zarata, zaborra, merkataritzaren gainbehera eta bizi ezina begi bistakoak dira”, deitzaileen arabera. Hortik haratago, ordea, “hiri osora” iristen ari dira turistifikazioaren ondorioak: “Begi bistaz ikusten direnak baino sakonagoak, eta maila estrukturalean Donostia eta bertako bizilagunen bizitzak arriskuan jartzen dituztenak”.
Etxebizitzaren egoera, lan baldintzak, kulturaren merkantilizazioa, euskararen bazterketa, espazio publikoa kontsumora bideratzea, ingurune naturalak artifizializatzen, ondare historiko eta arkitektonikoaren suntsipena… Hamaika dira turismo ereduak hirian dituen eraginak, plataformaren arabera.
Horregatik, askotarikoak dira ere igandeko mobilizazioarekin bat egin duten eragileak. Besteak beste: Ancora, SOS Manteo, Altza XXI Herri Ekimena, KAS, auzo elkarteak, sindikatuak eta alderdiak.
Deitzaileek hainbat proposamen jarri dituzte mahai gainean: pisu turistikoak murriztea, alokairu publiko eta sozialaren aldeko neurriak hartzea eta sustapen turistikoa etetea, besteak beste.
Bizikleta martxa
Bi egun lehenago, ostiralean, hilaren 25ean, bizikleta martxa bat egingo dute Turismoarekin Donostia, lurraldea eta planeta arriskuan lelopean. Santa Katalina plazatxotik abiatuko dira 17:45ean.