Parte Zaharrean Bizik HAPOaren parte hartze prozesua «fartsa» bat dela salatu du
Parte Zaharrean Bizik publikoki iragarri du ez duela Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) parte hartuko, herritarren partaidetzarako bide egokiak jarri ez direla iritzita. Lehenengo informazio bileraren ostean, atzo zuten bigarren saioa Parte Zaharrak, Erdiguneak, Amarak, Morlansek eta Amara Berrik, eta “fartsa” bat dela iritzita, auzo elkarteak ez parte hartzea erabaki du.
Auzo elkarteak salatu du proposatutako epeek ez dutela denborarik ematen “hain dokumentu tekniko eta konplexua zentzuz eta logikoki aztertzeko”. Alderantziz, diotenez, “prozesu hau diseinatuta dago, hain zuzen ere, ezin aztertu eta proposamenak ez egiterik izateko, eta herritarren parte-hartzearen gezurra justifikatzeko, legezko derrigortasuna betetzea xede”.
Horregatik diote: “Ordezkariak parte-hartze eredu bat eskaintzen du herritarren parte-hartze eza zuritzeko baino balio ez duena. Informazio dinamika hutsa dena Proposamenak eta Jarduerak lantzeko markoa balitz bezala aurkezten dute”.
HAPOa tresna “estrategikoa” den arren, “parte-hartze prozesu errealik ez egiteak, egungo arazoei buruzko eztabaidak eta herritarren eskaerak ezkutatzen ditu”. Ondoko arazoak aipatu dituzte: etxebizitza, turismoa, demografia, gentrifikazioa, hiriko ingurumenaren eta eraikitako ondarearen babesa, lizentziak ematea, mugikortasuna, irisgarritasuna eta hondakinen kudeaketa, besteak beste.
Ondorengoa gaineratu dute: “Zarata eta Bibrazioen Ordenantzak, Ostalaritzako Terrazak, Espazio Publikoaren Okupazioa, Emisio Gutxiko Eremua eta Mugikortasuna, Hondakinen Kudeaketa, Irisgarritasuna, Etxebizitza Turistikoa, etab. bezalako ordenantzak, hau da, gure kale eta plazetan erosotasun eta bizigarritasunmaila lortzea eta lehenestea ahalbidetu beharko luketen araudi guztiak herritarren bizkar onartu dira, gure proposamenei jaramonik egin gabe eta, are okerrago, hiriko sektore ekonomiko eta lobby-en eskariei erantzunez”.