Ulia-Ategorrietako zaharren egoitzaren aldeko sinadura bilketa bat abiatu dute
Duela 50 urte inguru Ulia-Ategorrietako zaharren egoitza berritu zuen Uliako Auzo Elkarteak, auzoari zerbitzua emateko. Orain, ordea, adinekoen egoitza arriskuan dagoela ohartarazi du auzo elkarteak. “Eusko Jaurlaritzak eraikina hustu eta adinekoentzako apartamentuak jarri nahi ditu”, adierazi dute.
Horren aurrean, auzotarrak mugitzen ari dira, eta sinadura bilketa bat abiatu dute Change.org atarian. Denis Itxaso Etxebizitza sailburuari zuzenduriko gutuna irakur daiteke sinadura bilketaren webgunean:
Jaun agurgarria:
Gutun hau sinatzen dutenak, donostiar herritarrak, harrituta geratu dira jakitean Aketz etxea (Ategorrieta, 67) adinekoentzako 5 apartamentu bihurtu nahi duela Eusko Jaurlaritzak. Eraikin hori garai bateko Etxebizitza Ministerioa zenak desjabetu zuen (1974), eta urte batzuk lehenago abandonatu zegoen. Izan ere, ordurako nabarmena zen horretaz nekez bizi diren kolektiboen jomuga izan zela.
Lehen eta orain, inguru osoan gizarte-jardueretarako higiezinik ez zegoenez, ordezkariaren jarrera ulerkorrarekin eta eraikinaren berezitasunarengatik, hura kontserbatzea erabaki zen, eta auzolana eta hura kontserbatzeko urtero inbertitutako dirua oinarri izanik, Ikono bat bihurtu da, Erakundeek beraiek ere aitortua eta ondoren, Eusko Jaurlaritzarekin adostua.
Gaur egun, Aketz etxea Ategorrieta-Uliako bizitza soziala garatzeko leku bakarra eta ezinbestekoa izaten jarraitzen du, eraikinaren hiru solairuetan. Ulertezina eta bitxia ere egiten zaigu ez jakitea Villa Aketzetik 7 metrora, Eusko Jaurlaritza duela 50 urtetik abandonatutako orube eraikigarri baten jabe dela, eta orain dela gutxi Manteon apartamentu berrietarako lursail bat onartu dela. Bestalde, Ategorrietan dago adineko pertsonentzako apartamentuen kontzentraziorik handiena (700). Konpon ditzagun arazoak eta ez ditzagun handitu!