Afari solidarioak debekatuz, udala «eskuin muturraren diskurtsoa hauspotzen» ari dela salatu du oposizioak
Udalaren erabakiarekin haserre agertu dira EH Bildu eta Elkarrekin Donostia. PPk, aldiz, soilik Egian debekatu izana salatu du. Gaurko udalbatzarrean gaia eztabaidatzeko eskatu du Elkarrekin Donostiak, baina aurka bozkatu du udal gobernuak eta gaia ez da gai zerrendan sartu.
Donostiako Udalak Egiako kaleko afari solidarioak debekatzea erabaki zuen bart, Martin Ibabe Hiri Segurtasuneko zinegotziak esan duenez, “segurtasun arrazoiengatik”. Horren aurrean, adierazpenak egin dituzte ostegun goizean udal gobernutik kanpo dauden hiru alderdietako bozeramaileek: EH Bilduko Juan Karlos Izagirrek, PPko Borja Corominasek eta Elkarrekin Donostiako Victor Lasak. Erabakiarekin oso kritiko eta haserre agertu dira Izagirre eta Lasa; Corominas, aldiz, alde agertu da, eta motz gelditzen dela eman du aditzera. Gogoratu behar da asteleheneko baimenik gabeko elkarretaratzearen eta bertan gertatutako istiluen ondoren iritsi dela udalaren erabakia; Corominasek eta bere alderdikide eta udaleko zinegotzi Jorge Motak eta Vanesa Velezek parte hartu zuten mobilizazioan.
Izagirrek salatu du udalaren erabakiarekin “hauspotzen” ari direla “eskuineko eta eskuin muturreko diskurtso arrazista eta xenofoboa”: “Diskurtso hori gutxienekoa izan da Donostian eta Euskal Herrian, eta denon ardura da ez hauspotzea eta gutxienekoa izaten jarraitzea”. Ildo beretik jo du Lasak: “Ongi etorri ultraeskuinaren konplexuz beteriko eskuinaren zirkura. Ikusten ari garena da donostiarrei eragiten dien egoera baten instrumentalizazioa, egoera konplexua, baina ezin dena horrela kudeatu. Egoera zaurgarrian dauden pertsonak seinalatzea gizarte degradatuek hartzen duten bidea da, eta hori ez da Donostia. Alderdi Popularra bere sektore mediatikoaren laguntzarekin egiten ari dena zikoizkeria bat da; ultraeskuinari zikoizkeriaren eta koldarkeriaren diskurtsoa irabazten saiatzen ari da, baina ez da gertatuko, Donostia ez delako era horretako hiri bat”.
Bestalde, Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldea eta delinkuentzia lotzea salatu du Izagirrek: “Ez da egokia eta gezurra da. Delinkuenteak leku guztietan daude: luxuzko jatetxeetan afaltzen dutenen artean egon daitezke, edo etxean afaltzen dutenen artean. Delinkuentzia jarraitzea ondo dago, baina ez lana musu truk egiten duten herritarrak eta gosea pasatzen dutenak. Segurtasuna ere bada janaria ez duenari janaria ematea”.
Ildo beretik, segurtasunari beste modu batean heldu behar zaiola aldarrikatu du Lasak: “Segurtasun arazoak baldin baditugu, baliabide polizialak eta sozialak ditugu, horri aurre egiteko. Debekua aurrekari triste eta arriskutsua iruditzen zaigu, elkartasuna kriminalizatzen duelako. 300 pertsona inguru daude hirian kale egoeran, eta horietako batzuek delituak egin izana ez da arrazoi nahikoa horrelako erabaki bat hartzeko”.
Halaber, KASek egiten duen lana erakunde publikoek egin beharko luketela nabarmendu du koalizio abertzaleko buruak: “Erakundeek egiten ez duten lana egiten ari dira donostiar batzuk. Hauen lana debekatzea ez da bidezkoa eta gizagabea da, are gehiago, alternatibarik eskaintzen ez denean. EH Bildu aspalditik ari da gai honen inguruan lan egiten; aste honetan, handia izan da egin dugun lana eta hurrengo asteetan ere lanean jarraituko dugu, irtenbide baten bila”.
PP, alde
Aurreikusi zitekeen moduan, Alderdi Popularra udalaren erabakiaren alde agertu da, baina harago joan behar dela nabarmendu du Corominasek: “Erabat ados erabakiarekin. Baina baimentzen dira Amara Berrin eta Parte Zaharrean, hau da, arazoa beste auzo batzuetara eramaten ari dira. Ez dakit hori den udalak aplikatu nahi duen irtenbidea, baina nire sentipena da ez dela pertsona horiez arduratzen eta patuaren mende uzten dituela. Nik ez dut nahi hori gertatzea, nik nahi dut udala donostiar guztiez arduratzea”.
Hala ere, integratzen ez diren pertsonak baztertzearen alde ere agertu da bozeramaile popularra: “Donostiarrak dira iritsi berriak zein hogei belaunaldi hemen daramatzatenak. Udalak bermatu behar du denak hirian integratzea, baina, hori bai, pertsona horiek erabakitzen badute ez integratzea pertsona horiek ez daukate lekurik gizartean eta ezin dute laguntzarik jaso”.
KASen jarduna ere kritikatu du Corominasek: “Duela urtebete, eskatu genuen afari horiek debekatzeko; ez gaizki iruditzen zaigulako beharra duten pertsonek afari beroak eskuratzeko aukera izatea, baizik eta ez dugulako uste kalean eta modu horretan eman behar direnik, eta uste dugulako udalak hartu behar duela ardura hori. Izan ere, jaten emateaz gain, bermatu behar da pertsona horiek guztiek gizarte zerbitzuetarako sarbidea izatea. Ez dauka inolako zentzurik pertsona horiei jaten ematea eta egun osoan zehar beraiez ahaztea”. Horren inguruko ñabardura egin du ondoren PPkoak: “Afariak ez litzaizkiguke gaizki irudituko baimena izango balute eta gizarte zerbitzuek eta Udaltzaingoak ikuskatuta eta espazio seguruetan egingo balira. Nola onartu dezake Donostiako hiriak jendea janariarengatik borrokan edukitzea? Bermatu behar da afari horiek modu kontrolatuan banatzea”.
Horrez gain, asteleheneko elkarretaratzearen inguruan ere hitz egin du Corominasek. Hedabide honek zabaldutako bideoan ikusten da Mota eta Velez KASekoak babestera joan ziren hainbat herritarrekin jarrera oldarkorra izan zutela, baina “probokatzaileei” bota die errua bozeramaileak: “Duela hogei urte gertatzen zen moduan, betiko probokatzaileak zeuden hor. Zorionez, orain ez dute ematen duela hogei urte ematen zuten beldurra”.