«Etxebizitza larrialdia bizi duen hiri batean ezin da etxebizitza turistikorik egon»
Turistifikazioaren Aurkako Urria borobiltzeko, manifestaziora deitu du desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak iganderako (12:00etan, Alderdi Ederretik). Hiriko turistifikazio prozesua bere mugara heldu dela eta hiria "arriskuan" dagoela salatuko dute. Elena Ramirez Boixaderas (Bartzelona, 1991) Bizilagunekineko kidearekin mintzatu gara.
Zergatik deitu du duzue manifestaziora iganderako? Zer helbururekin aterako zarete kalera?
Hainbat urte daramatzagu halako mobilizazioak antolatzen. Alde batetik, salatu nahi dugu Donostia bizitzen ari den turistifikazio prozesua, kalteak gero eta larriagoak direlako donostiarren bizitzan. Bestetik, desazkunde turistikoa eta beste hiri eredu bat aldarrikatzeko aterako gara kalera. Horren alde dauden herritar eta eragile guztiak indarrak batzera deitzen ditugu; hain zuzen ere, 50 eragile inguruk babesa eman digute.
Erakundeak turismoa kontrolatzeko neurri batzuk hartzen hasiak dira, baina turismoaren datuek gora egiten jarraitzen dute.
Aurten ikusi dugu donostiarren sentsibilizazioa gaiaren inguruan gero eta handiagoa dela, eta, gainera, munduko hainbat tokitan horren inguruko mobilizazioak egin dituztela, batez ere Europako hegoaldean eta Espainiako Estatuan. Turismo sistema honek ez dauka mugarik, eta erakunde publikoek neurri batzuk hartuta ere, datuek gora egiten jarraitzen dute. Horrek erakusten digu turismo eredu honen hazkundea etengabea dela.
Turismoa etengabe hazten da, baina hiriak eta munduak mugak dituzte.
Gero eta gehiago ikusten ari gara hiriko baliabideak turismoaren eta interes pribatuen mesedetara jartzen direla, herritarren benetako beharren eta ongizatearen gainetik. Hori ez da batere jasangarria, eta turistifikazio honek gure bizitzako arlo asko ukitzen ditu: etxebizitza, ondare arkitektonikoa, ondare naturala, gure aisialdia, auzoetako harremanak… Hori guztia gero eta arrisku handiagoan dago, sistema hau gelditzen ez badugu. Egiturazko arazo hauek gero eta ageriagokoak dira eta jendeak egunerokoan sumatzen ditu.
Udalak neurri batzuk hartu ditu azken urteotan: moratoria eta turista taldetan pertsona kopuru muga bat ezartzea. Zer balorazio egiten duzue horien inguruan?
Testuinguruan jarri behar dira neurri horiek. Urte asko daramatzate sektore turistikoari frenorik jarri gabe eta interes pribatuei alfonbra gorria jartzen. Ordea, orain ikusten ari gara mugak gainditu direla, turistifikazio prozesuarekin lotutako arazo larriak daudela eta herritarren haserrea gero eta handiagoa dela, eta, horren aurrean, neurri batzuk hartzen hasi dira. Neurri horiek, kasurik onenean, muga batzuk jartzen dituzte, baina salbuespen askorekin. Sektorearen hazkundeari, aldiz, ez diote inolako frenorik jartzen.
Guk eskatzen dugu atzerapauso bat ematea. Etxebizitza larrialdia bizi duen hiri batean ezin da etxebizitza turistikorik egon, ezin da negozioa egin etxebizitzarekin. Guk ez dugu nahi etxebizitza turistiko gehiago irekitzea galaraztea, baizik eta etxebizitza turistikoak desagerraraztea. Aldiz, alde batetik neurri batzuk hartzen dituzte, baina bestetik turismoa sustatzen jarraitzen dute; horrek erakusten du ez dagoela desazkunderako borondaterik.
Badaude etxe turistikoak desagerrarazteko ereduak beste hiri eta zona batzuetan, ezta?
Gure ideia da turismoaren monolaborantzarekin amaitzea. Hori ezin da egun batetik bestera gertatu, baina bai gradualki: Ipar Euskal Herrian, adibidez, planteatzen ari dira modu progresiboan ixtea etxe turistikoak, konpentsazio neurriak aplikatzea, eta abar.
Manifestazioa izango da hurrengo mugarria, baina zer lan ildo jorratuko dituzue hortik aurrera?
Indarrak metatzen jarraituko dugu, desazkunde turistikoaren alde. Hori delako Donostiako herritarrei begirako Donostia bat lortzeko bidea. Helburu horrekin lan egiten jarraituko dugu: kalean, hedabideetan diskurtsoa garatzen eta beste eragileekin elkarlanean.