Etxerik gabeko 1.313 pertsonari eskaini die arreta Caritas Gipuzkoak aurten, iraila amaierara arte
Hilaren 27an Etxerik Gabeko Pertsonen Munduko Eguna izango da, eta hori baliatuz, Caritas Gipuzkoak kale egoeran daudenen errealitatea ezagutarazi du gaur. Jakinarazi duenez, urteko lehen bederatzi hilabeteetan —urtarrilaren 1etik irailaren 30rera—, Caritas Gipuzkoak etxerik gabeko 1.313 pertsona artatu ditu, hau da, 2023an baino %73 gehiago (758 pertsona izan ziren 2023an).
“Gogorarazi beharrekoa da igoera horrek ez duela esan nahi kalean bizi diren pertsonen kopurua proportzio berean hazi denik; izan ere, horietako asko beste leku batera joaten dira edo aldi baterako bizileku irtenbidea aurkitzen dute. Hazkundearen arrazoien artean, migrazio fluxuen handitzea dago eta baita zerbitzuan egindako hobekuntzak (pertsona gehiago lehenengo arretan eta erabiltzen ditugun erreminten aldaketa, besteak beste)”, zehaztu du Caritasek.
Datu zehatzak
2024ko irailera arte artatutako 1.313 pertsonetatik, 1.191 gizonezkoak dira (%90,7) eta 122, emakumeak (%9,3). Horrez gain, 1.213k atzerritako jatorria dute (%92,4) eta 100ek, estatukoa (%7,6). Gainera, 1.139k 44 urte baino gutxiago dituzte (%86,7).
Datu hauek berresten dute kale egoeran gizonezkoak daudela batez ere, gehienak gazteak eta migratzaileak. Gizarte bazterketa larriko egoera horiek hainbat faktorek eragiten dituzte, Caritasen arabera; horien artean garrantzitsuenak, atzerritartasun legeak ezarritako oztopoak edo errolda, etxebizitza edo enplegua lortzeko zailtasunak.
Caritas Gipuzkoaren esku hartze sozialetik ondorioztatzen diren datuen arabera, lagundutako pertsonen %69,3k (910 guztira) ez du inolako bizitokirik. “Horrek erakusten du talde honetan ematen den bizitegi bazterketaren larritasuna”, nabarmendu du Caritasek.
Erroldarik gabe
Caritas Gipuzkoa kezkatuta agertu da erroldaren inguruko datuekin. Azaldu duenez, artatutako etxerik gabeko pertsonen %60,5ek ez du erroldarik, hau da, 794 pertsonak. “Gogoratu behar da errolda ezinbesteko baldintza dela eskubide sozialak eskuratu ahal izateko, hala nola larrialdietarako laguntzak, osasun arreta edo hezkuntza. Hori dela eta, beharrezkoa ikusten dugu administrazio publikoek erroldatzeko erraztasunak ematea. Eskaera hau Etxerik Gabeko Pertsonen II. Euskal Estrategiak ere jasotzen du (3. jarraibidea, 8. Neurria: udalerri batean bizi diren etxerik gabeko pertsonen erroldatzea bultzatu behar da, bizitegi bazterketa larrian dauden pertsonen erroldatze prozesuak sinplifikatuz eta arinduz, baita erroldatze sozialaren bidez ere, eta erroldatzearekin lotutako abusuzko jardunbideak azpimarratuz (bizilekurik gabeko erroldatzea, alokairuaren handitzea, etab.)”, azaldu dute.
Bost zentro eta programa
Sentsibilizazio ekintzez gain, Caritas Gipuzkoak etxerik gabeko pertsonei laguntzeko bost zentro eta programa ditu: Hotzaldi (30 lagunentzako tokia duen gaueko zentroa. Ategorrieta gainean dago), Aterpe (gaua igarotzeko zentroa da. 22 plaza ditu, eta baita eguneko zentroa ere 32 plazarekin. Jantoki soziala ere bada. Amaran dago), Trintxer (gizartean bazterturik dauden gizonentzako egoitza. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartutako 23 plaza ditu eta Emeki programarekin partekatzen du eraikina, Pasaian), Emeki (gizarteratzeko bidean dauden emakumeentzako egoitza zentroa. Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzartutako lau plaza ditu eta Trintxerrekin partekatzen du eraikina, Pasaian) eta Sorabilla (bazterketa egoeran dauden gazteentzako egoitza. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartutako hamabi plaza ditu eta Andoainen kokatzen da).