Intxaurrondoko barne autobusaren aukera ez da bideragarria udal gobernuarentzat
EH Bilduk Intxaurrondoko mikrobusaren linea pilotua mahai gaineratu du urriko udalbatzan. Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziaren arabera, ordea, udal baliabideek ezin dituzte eremu guztietako beharrak asetu.
Intxaurrondo Zaharreko eragileek urteak eman dituzte auzoko eremu berriarekin lotuko dituen autobus linea bat eskatzen. Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak azaldu moduan, auzoaren eremu berrian —Intxaurrondo Hegoa— dituzte egun auzoaren zerbitzu gehienak; + 55 programa guztiak, auzoko igerilekuak, haurrei zuzendutako ikastarok edo osasun etxea. Auzoak, baina, 40 metroko desnibela du eta komunikazio zuzenik gabe, eremu zaharreko 6.000 lagunek ez dute euren zerbitzuak modu irisgarrian gozatzeko aukerarik. Horiek horrela, EH Bilduk auzoko harremanak hobetzeko mikrobus linea pilotu bat jartzeko eskatu du, aurretik .Atotxarrekako autobusarekin egin zen moduan, Eskaerak PP eta Elkarrekin Donostia alderdien babesa izan du, baina udal gobernuak atzera bota du eskaera,”diru publikoa zentzuz erabili” behar dela iritzita.
“Ez egungo lineak, ez Lizardi aldapako eskailera mekanikoek ez dute bermatzen Intxaurrondoko barne komunikazioa”, Gabiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziaren arabera. Eremuak orografia zaila duenez, egungo zerbitzuak ez dira nahikoak zaharkitua dagoen auzo batentzako. Zinegotziak berak adierazi du, askotariko planetan jasota dagoen proiektu bat dela barne autobusarena, bistakoa baita Intxarrondoko bizilagunen beharra..
PP eta Elkarrekin Donostia alderdiek babestu egin dute udalbatzako eskaera, “beharrak neurtu eta eskari nahikoa egongo ote den egiaztatzeko aukera” emango baitie udal teknikariei. Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziaren arabera, baina, udalak “errealista” izan behar du, eta kudeaketa ondo neurtu: “Dbusen lineak hobetzeko nahia etengabea da, zerbitzu gero eta hobea eman nahi dugu, baina diru publikoa zentzuz erabili behar da”. Adierazi duenez, hamar linea dituzte Intxaurrondo Zaharrean, Grosera lekualdatu, han trasbordoa egin eta Intxaurrondo Hegora lekualdatzeko.
Era berean, Plan Estrategikoan ekarri du gogora Yarzak, “beharrak aztertuko direla” baieztatzeko. Hala, datorren urtera arte airean utzi du gaia Mugikortasun zinegotziak: “Berriz ere aztertuko dugu Intxaurrondoko barne autobus hau egokia izan daitekeen eta lehentasunezkoa izango balitz, zalantzarik gabe jarriko dugu”.