PPk autobus geltokiko sarrera mugatzeko mozioa aurkeztu du udalbatzan, «segurtasuna bermatzeko»
Autobus geltokian "bidaiatzeko txartela dutenak soilik" sartzea nahi du Alderdi Popularrak. Mozioa, baina ez da aurrera atera. Gainerako alderdi guztiek aurka bozkatu dute eta gogor kritikatu dute popularrek segurtasunaren aferarekin duten jarrera.

Donostiako Alderdi Popularrak segurtasuna ekarri nahi izan du udaleko udalbatzaren erdigunera. Hainbat kontrol mozio egin ditu, hiriko hainbat gune publiko mugatzeko asmotan. Hala, lur azpiko aparkalekuez gain, Norteko autobus geltokiko sarreran ere aldaketak egiteko eskatu dio udal gobernuari. Borja Corominas bozeramaileak geltokiko sarrera “soilik bidaiatzeko txartela duten pertsonei” ahalbidetzea eskatu du, eta eremua une oro bi segurtasun langileek kontrolatu dezatela. Gainerako alderdiek guztiek, baina, mozioaren aurka bozkatu dute eta ez da aurrera atera: “Esan ezazue egia. Zeini, mugatu nahi diozue sarrera zehazki?”, galdetu die Martin Ibabe Segurtasun zinegotziak.
“PPkoak asteleheneko ikuskizun esperpentikoaren atzetik datoz, segurtasunaren bandera janztera”, adierazi du Txomin Lasa Elkarrekin Donostia alderdiko bozeramaileak ezezkoa bozkatu aurretik. Bide beretik jarraitu du Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramaileak. Popularrek segurtasunarekin duten obsesioa gaixotasunetik gertu egon daitekeela iritzita, Izagirrek galdetu die ea ondo dakiten zer ari diren eskatzen: “Zergatik ezin du sartu norbait bere seme alabak edo kuadrilla agurtzera? edo zergatik ezin du sartu tabernara?”.
Eztabaida nagusia, baina, Martin Ibabe jeltzalearen eta Borja Corominas popularraren artekoa izan da. Segurtasun zinegotziak gogorarazi dio autobus geltokia zerbitzu publiko baten parte dela, eta ezin dela nahi moduan mugatu: “Hori non dago jasota eremuaren baldintza agirian? Ez dakit zer nolako ezagutzak dituzun segurtasunaren inguruan, baina ikusten dudanez, bat ere ez”. Corominasek, berriz, defendatu du Alderdi Popularra dela segurtasunaren aferaren inguruan hitz egiten duen alderdi bakarra, eta “koldar” gisa definitu ditu gainerako guztiak.