«Segurtasuna» da Egiako afari solidarioak debekatzeko «arrazoi bakarra», udalaren arabera
Bart Egiako kaleko afari solidarioak debekatu ostean, agerraldia egin du ostegun goizean Martin Ibabe Hiri Segurtasuneko zinegotziak udaletxean, bere hitzetan, “modu ofizialean jakinarazteko” udal gobernuak erabaki duela “Egiako eremuan ematen ari diren afariak etetea”. Nabarmendu duenez, erabaki hori hartzeko “arrazoi bakarra” da Egiako afariak banatzen diren zonan “ematen ari den segurtasun problematika”. Ordea, asteleheneko gertakarien ostean heldu da debekua; mezu arrazistak eta kriminalizatzaileak zabaltzen dituzten Telegram kanaletatik eta Instagram kontuetatik deituta, baimenik gabeko elkarretaratze bat egin zuten Egiako afariak banatu ohi diren leku eta ordu berean eta tentsio uneak bizi ziren, Alderdi Popularreko hiru zinegotzien parte hartzearekin.
Ibabek nabarmendu duenez, Ertzaintza eta Udaltzaingoa Egiako eremu horretan gertatzen denaren inguruko “jarraipena” egiten ari dira “aspalditik, eta erabakiak ez du inolako zerikusirik janari banaketarekin”: “Gertatzen ari den delituzko jardueren igoera batekin dauka zerikusia, 2022tik estatistiketan islatzen ari dena; aurtengo lehenengo seihilekoan ere joera hori mantendu da. Azkenaldian, hainbat esku hartze egin ditugu zona horretan, segurtasun arloan esku hartzera eraman gaituztenak, esklusiboki segurtasun arloan. Zentzu horretan, herritarren kexa logiko bat dago, erabat kontrastatuta dagoena delituei dagokienez ditugun datuekin. Hori da erabaki hau hartzeko arrazoia. Hori bezain sinplea eta argia da”.
Datu batzuk ere eman ditu Ibabek: “2022an, zona horretan, %29 igo zen delituzko jarduera, aurreko urtearekin alderatuta. 2023an, %16 igo zen eta, aurten, lehen seihilekoan, 600 esku hartze egin ditugu. Hori da erabaki hau justifikatzen duen egoera”. “Zona horretan, jakina denez, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren presentzia nahikoa zabala da, datu fidagarriak izateko. Poliziaren presentzia etengabea da zona horretan, eta indartzeko asmoa dugu”, gehitu du zinegotzi jeltzaleak.
Afari solidarioak eta delinkuentzia
Kaleko Afari Solidarioak (KAS) duela lau urte jaiotako egitasmo solidario eta herritar bat da, gauero-gauero 200 eta 300 afari bero inguru banatzen dituena Parte Zaharrean, Egian eta Amara Berrin. Aipaturiko Telegram eta Instagram kontuetatik, ordea, delinkuentziarekin lotzen dute KAS, eta, debekua termino horietan egindako elkarretaratze baten ostean iritsi bada ere, Ibabek esan du udalak ez duela lotura hori egiten: “Inondik inora. Kolektibo bat dago, beharra dela eta doana afari horiek hartzera. Baina inguru horretan, egoera jakin batzuk sortzen dituzten pertsona batzuk ere elkartzen dira. Joan den astean, esaterako, esku hartze bat egin genuen, jateko beharra duten pertsonekin inolako zerikusirik ez duena, non hainbat konfiskazio egin genituen: labanak, objektu ziztakariak, matxeteak, drogak, pilulak eta halakoak. Horrek ez dauka zerikusirik afaltzeko beharrarekin, horrek zerikusia dauka delituzko jarduerekin. Horietako batzuk afaltzera doaz eta beste batzuk ez”.
Asteazken gauean, udaltzainek KASeko kideei debekuaren berri eman zietenean, kale egoeran dauden gazteei zerbitzu sozialen zerrenda bat eskaini zien Udaltzaingoak berak. Zerrenda horretan, Parte Zaharreko eta Amara Berriko afarien kokalekuak zeuden, besteak beste. Bi eremu horietako afarien inguruan, Ibabek zera adierazi du: “Bide publikoan egiten den edozein jarduerarako baimena behar da. Orain arte ez dugu esku hartu, esku hartzeko arrazoia ez delako baimena edukitzea edo ez edukitzea, segurtasuna baizik. Beste zona batzuetan segurtasun faltaren inguruko egoerak detektatzen baditugu, erabaki beharko dugu esku hartu behar den. Presentzia polizialarekin eta zonan inbertitzen ari garen baliabideekin ikusten badugu delinkuentzia datuek hazten jarraitzen dutela, logikoki, errealitate horren aurrean esku hartzea izango da gure betebeharra”.
Bestalde, erabaki honekin asteleheneko baimenik gabeko elkarretaratzea egin zutenei arrazoia ematen ari ote ez diren galdetuta, Ibabek esan du “horrelako erabaki bat hartzeko unean” ez dela mikrokirurgiarik existitzen”: “Nik dakidana da Udaltzaingoko eta Ertzaintzako agenteek esku hartzeak egiten dituztenean aipaturiko objektuak konfiskatzen dituztela. Horrek zerikusi gutxi dauka afaltzera joatearekin”. Donostiako Udalak, ordea, KASek egiten duen lana bere gain hartzeko eta hirian kale egoeran dauden pertsonei (300 inguru) irtenbiderik eman gabe jarraitzen du.