Sionismoaren kontrako partida
Realak Europa Ligako hirugarren partida jokatuko du gaur Belgraden, Maccabi Tel Aviv israeldarren aurka (18:45).
Jokin Aperribai Realeko presidentearen adierazpenek ez dituzte urak baretu. Palestinarekiko elkartasuna adierazi arren, Gazan gertatzen ari dena gerra bat dela esan zuen atzo. Era berean, Hamasen hilketak gaitzetsi eta Israelekiko keinu bat egin zuen.
Horrek txuri-urdinen gaurko neurketa gehiago baldintzatu du. Israelgo Maccabi Tel Aviv taldearen aurka ariko dira 18:45ean, Belgraden (Serbia), Partizanen zelaian. Alegia, ez da Israelen jokatuko Gazako sarraskia eta genozidioa aitzakia gisa hartuta. Horren harira, realzale talde batek partidan Palestinaren aldeko keinuak egitera deitu ditu jokalari zein zale txuri-urdinak, sare sozialen bidez zabaldutako deialdi baten bidez.
Kirolari erreparatuz gero, lehen hiru puntuak lortzeko partida izango da Realarentzat. Aurrez aurre, Israelgo ligako liderra izango dute, baina Europan makal dabilena. Braga eta Midtjylland taldeen aurka galdu egin zuen. Txuri-urdinek, berriz, puntu bat bildu dute bi jardunaldiak jokatuta. Nizaren aurka berdindu, eta Anoetan galdu egin zuten Anderlechten aurka.
Atezain aldaketa
Realaren deialdiari dagokionez, hiru dira hutsune nabarmenenak: Alex Remiro, Aihen Muñoz eta Igor Zubeldia. Hiruek ez dute jokatzerik izango min hartuta daudelako. Ondorioz, atezaina aldatu beharko du Imanol Alguacil entrenatzaileak, eta jakina da zein jarriko duen: Unai Marrero. Guztira, 23 jokalari joan dira Belgradera.