Bizitzak, bizi duinen alde
LA HABITACIÓN DE AL LADO
Zuzendaria: Pedro Almodovar · Urtea: 2024 · Herrialdea: Espainia
Ingrid eta Martha lagun minak ziren gaztetan. Biek aldizkari berean egiten zuten lan, baina Ingrid autofikzioko eleberrigile bihurtu zen eta Martha, berriz, gerra erreportari. Bizi inguruabarrek banandu egin zituzten, baina elkarren berri izan gabe igaro dituzten hainbat urteren bueltan, Martharen gaixotasunak elkartuko ditu berriro.
Filmaren gardentasunak eta samurtasunak gain hartuta idazten ditut lerrook, azkenaldi honetan gutxik utzi didaten arrastoaz. Ezer baino lehen, argitu nahiko nuke Almodovar zuzendariaren oso lan gutxik lortu dutela nire iragazkia pasatzea —zehazki, hiruk: Entre tinieblas (1983), Mujeres al borde… (1988) eta Volver (2005)—. Ez naiz fan. Baina zerbaitek esaten zidan oraingoan baietz, merezi zuela aukera eta denbora tarte bat eskaintzeak. Bada, zuzen nenbilen. Eta hau, Tilda Swinton, zuri esker da. Banaiz fan.
Pelikula jasoa da, artifizioa eta naturaltasuna uztartzen dituena. Sarri gaiari helduta datorkigun melodrama atzean utzita, bizitzaren amaieraz, heriotzaren duintasunaz eta minbiziaren moduko gaixotasunari ‘aurre egin beharraz’ hausnartzera garamatzan bidaia bat. Baina baita bizitzaz, maitasunaz, samurtasunaz, akonpainamenduaz eta, noski, zaintzaz hitz egiten duena ere bai. Izan ere, zineman eta literaturan milaka eta milaka kontakizunek erakutsi duten emakumeon arteko etsaitasun horren kontrara, bizitza errealean —etxean, auzoan, kalean— emakumeok elkarri laguntzen diogu, antolatu egiten gara, geure buruak defendatu eta elkar zaintzen dugu. Hain zuzen, eusten gaituen sare ikusezin hori jarri du mantxatarrak iruditan.
Esaten duzun guztiak eta esaten duzun moduak axola duenaren jakitun, bi pertsonaia nagusi horien eraikuntzan, gaiaren trataeran, musikaren indarrean, argazkian, koloreen hautuan… nabari da zinemagilearen presentzia. Eta horien guztien arteko nahasketa eta ekilibrio ederra da filma, betiere, mezu indartsu baten mesedetan.
Horri buruz, bertan paper txiki bat duen Juan Diego Botto aktoreak botatakoak gehitu nahi nituzke lerrootara. Margaret Mead antropologoaren teoriaz ari da: Zibilizazioaren hasieraz galdetuta, bizidun baten gorputzean hautsitako lehen hezurra aurkitu zutenean kokatzen du une historiko hori. Izan ere, bizidun hori bizirik atera izanak aditzera ematen du beste pertsona bat izan zuela ondoan, zaindua izan zela… Bada, hura izan zen hasiera Meadentzat.
Eta horixe da dena: elkartasuna, zaintza, balio eta eskubide gisara erdigunean jartzea, alegia, zibilizazioa defendatzearen beharra aldarrikatzea. Bizitzak, bizi duinen alde.