Debekuen gainetik, afari solidarioak banatu dituzte KASeko kideek
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak operazio polizial zabala prestatu arren, lortu dute Egiako afari solidarioak banatzea. Ez ordea Egian, Diputazioaren arkupeetan baizik, Gipuzkoa plazan. Izan ere, Udaltzaingoaren agente mordoak Egiako epaitegi inguruko sarrera guztiak kontrolatu zituen atzo, afari solidarioak sartu ez zitezen. Ertzaintza ere ez zebilen urrun. Tabakaleran, epaitegi atzean eta Maria Cristina hotelean bina furgoneta egon zen, 19:30etatik 21:00etara, gutxienez.
Edonola, eta debekua soilik Egian zela jakitun, KASeko kideek Gipuzkoako Foru Aldundiko arkupeetan egin zuten banaketa, tentsio nabarmenarekin. Ertzaintzaren hainbat patruila gerturatu ziren, baina ondoko kalean jarri ziren, eta ez zen ez identifikaziorik, ez inolako gatazkarik izan. Normalean baina afari gutxiago banatu bazituzten ere, KASeko kideek txalo artean bukatu zuten banaketa, arazorik egon ez zela ospatzeko.
Mobilizazioa, igandean
Hainbat eragilek mobilizazio bateratua egingo dute datorren igandean, 18:00etan Blas de Otero plazatik abiatuta. Abuztuan, hiriko 30 eragilek bat egin zuten “arrazakeriaren eta faxismoaren aurka”, eta igandeko deialdia ildo berean doa, eragileen zerrenda zehatza argitaratu ez den arren.