Erbesteratzeen eta migrazioen inguruan ariko dira
Goldatu elkarteko kide donostiarrek hitzaldi ziklo bat abiatu zuten hilaren 22an, Atzoko eta gaurko erbesteratzeak eta migrazioak saioarekin. Groseko Okendo Kultur Etxean izan zen, eta harrera politikak izan zituzten hizpide. Hilabetea bukatu baino lehen, beste bi hitzaldi egingo dituzte leku berean.
Hilaren 28an, Aita Mari ontziari buruzko dokumentalaren emanaldia egingo dute, 19:00etan. Lan honek bi urte baino gehiagoko iraupena duen odisea kontatzen du, itsasontzia berreraikitzen hasi zenetik 2019an lehen erreskatea amaitu arte. Iñigo Mijangosek eta Iñaki Goñik parte hartuko dute.
Hilaren 29an, berriz, Bidasoaren alde bietako mugen eta mugaldeen aurka hitzaldia egingo dute, 19:00etan. Gaur egun, erbesteratze eta migrazioen arazoa biderkatu egin da, bai eraginpean dauzkan pertsonen kopuruan, baita ere euren eskubideen urraketetan. Horren inguruan ariko dira Itziar Gomez eta Malen Garmendia Irungo Harrera Sareko kideak eta Amets Arzallus bertsolaria.