Gau Beltza ospatuko dute aurten ere auzo ugaritan
Astebete baino gutxiago gelditzen Santu Guztien Egunerako, eta, bezperan, Gau Beltza ospatuko dute hiriko hamaika txokotan. Bereziki, haur eta gaztetxoentzako egitarauak prestatu dituzte.
Azken urteotan, Donostiako hainbat auzotan errotzen hasi da Gau Beltza ospatzeko ohitura, hilaren 31ko gauean, Santu Guztien Egunaren bezperan. Horrela, aurten ere jarduerak prestatu dituzte gutxienez hamahiru auzotan.
Gehienetan, ostegun arratsaldean hasiko dira jaiarekin, baina badira goizago hasi direnak ere. Antiguan, esaterako, dantza entsegu irekia egingo dute gaur merkatu zaharrean (18:30) eta kalabazak husten eta zapiak prestatzen arituko dira bihar Txirain elkartean (16:00). Ostegunean, frontoian eta inguruetan ospatuko dute Gau Beltza, jolasekin, «ibilbide beldurgarriarekin», akelarrearekin eta zezensuzkoarekin.
Bestalde, Altzan, haurtxokoan «pintxo beldurgarriak» sortzen arituko dira gaur, eta gozoki poltsak sortzen eta kalabazak husten bihar (17:00). Era berean, kalabazak husten arituko dira asteazkenean Tomasenen (17:30), eta Altzagainan ospatuko dute Gau Beltza ostegunean, 17:00etan hasita, askotariko jarduerekin: jolasak, txokolate jana, musika eta dantza emanaldiak, eta abar.
Era berean, Txominen eta Grosen ere lehenago hasiko dira, haurrentzako mozorro eta apaingarriak prestatzeko ikastaro bat egingo baitute larunbat honetan Txominen, eta, Grosen, sorginen kapelak eta bestelakoak egiten arituko dira astelehenean, eta haurtxokoa apaintzen asteazkenean. Halaber, Parte Zaharrean, igande honetan hasiko dira jarduerekin, goizean eta arratsaldean egingo dituzten ginkanekin.
Gehienak, ostegun arratsaldetik
Gainontzeko auzoetan, ostegun iluntzean hasiko dira Gau Beltzeko jarduerekin, auzoa «beldurtuz», jai giroan murgiltzeko. Hain justu, Egian, Igeldon, Martutenen, Añorgan, Loiolako Erriberan, Ibaetan, Loiolan, Parte Zaharrean eta Aieten prestatu dituzte jarduerak: kalejirak, haurrentzako jolasak, musika emanaldiak eta bestelakoak. Egitarau zehatzak gure webgunean kontsultatu ditzakezue.
Bestalde, Loiolako egitasmoa aipagarria da, ostegunean ordez, ostiralean antolatu baitute. Hain zuzen ere, Sustrai aisialdi taldeak antolatuta, Nor da hiltzailea? jolasean arituko dira auzoko haurrak, kultur etxean.