Giza eskubideen defentsan Txilen, ekonomia sozialean Donostian
Txilen abokatu ekintzailea zen Marcia Nuñez. Prozesu konstituziogileak porrot egitean, ordea, «bere buruari opari bat egin», eta Donostiara etorri zen senarrarekin eta alabarekin. Ekonomia sozialean ari da buru-belarri sartzen, eta hiriko mugimenduekin harreman estuan dago.
Nerabea zenetik, Euskal Herriko historian interesa izan du Marcia Nuñezek (Temuco, Txile, 1982) eta beti eduki da hona etortzeko ideia. «Diktadura garaian, aitari tokatu zitzaion euskaldun batzuekin ibiltzea, batetik bestera… Oso txikitatik entzun nuen Euskal Herriko borrokaren inguruan, eta beti eduki dut interesa».
2015ean, EHUko Ekonomia Sozialeko masterra ezagutu zuen, eta Euskal Herriko tradizio kooperatibistarekin liluratu egin zen. Bizitzak beste bide batzuetatik eraman, eta Rafa bikotekidearekin Santiagon bizi zen, eta han jaio zen bien alaba.
2019ko matxinada soziala izan zenean aldatu zen guztia. Garai hartan, Txile trantsizio betean zegoen. «Giza Eskubideen Institutuan lan egiten nuen, abokatu gisa. Bulegoa eta arkatzak alde batera utzi, eta kalera atera behar izan ginen: komisarietara, ospitaleetara…». Dena erori zenean, itzuli zen Euskal Herrira etortzeko ideia.
Master bat hemen askoz merkeagoa da Txilen baino. «Han dena da garestiago. Donostian bizitzea merkeago ateratzen zaigu guri, pentsa! Eta hori Grosen pisua alokatzea ez dela erraza».
Giza eskubideen ekintzailea
2017tik 2023ra, Gizarte eta Ingurumen Gatazken Mapa delakoaren burua zen Nuñez, eta Behaketa Misioen arduradunetako bat zen. Txileko leku baztertuenetan egin behar izaten zuen lan, «lekurik txiroenetan». Eta hor beti zeuden indigenak, «garapen eredutik baztertuenak direlako». Honela azaltzen du bere egitekoa: «Gure lana zen hainbat egunez komunitateetara joatea eta haiek elkarrizketatzea. Inork ahotsik ematen ez dionari ahotsa ematea. Gure erakundeak legitimitatea du salaketa horiek jartzeko, eta gobernura iristeko».
Hainbat ikerketetan hartu du parte Nuñezek, Alto Biobion maputxe pehuentxeekin eta kolla herriarekin Atacamako basamortuan, Tierra Amarillan eta Copiapon. Azken bi herri hauetan meatzaritza enpresen gehiegikeriak aztertu ditu: «Lurraldeak suntsitu zituzten, Txileko Estatuaren laguntzaz. Bertan bizi den jendeak ez du urik etxeetan».
Oroitu duenez, leherketak «uneoro» jazotzen dira, «24/7». Honela dio: «Elkarrizketa bat egiten ari nintzela, komunera joan nintzen, eta bat-batean izugarrizko zarata eta dardara izan ziren. Uste nuen lurrikara bat zela, tarteka izaten direlako, baina ez, meatzaritza enpresarenak ziren. Eta hori da egunean zazpi aldiz, asteko egun guztietan».
Calama herrian izan zen, baita ere. Kobrea ekoizten da bertan, eta BPGari ekarpen handiena egiten dion Txileko herria da. Bada, era berean, minbizia tasarik handiena duen herria da. «Ordea, inork ez du ikerketarik egin nahi; hipotesi nagusia delako ura kutsatzen dutela enpresek».
Kolla herriak, gainera, «izugarrizko diskriminazioa» jasaten duela dio Nuñezek: «Zuten guztia lapurtu zieten. Lehenik Espainiako Koroak; ondoren, Txileko eta Argentinako Estatuek. Bertako herritarrek gaizki pasatzen badute, indigenek bi aldiz okerrago. Haien azalagatik baztertuak dira».
Matxinada soziala
2019an, matxinada soziala izan zen Txilen, urte askotako eskaera eta aldarrikapenek ez zutelako inolako garapenik: «Konstituzioa giltzarrapo bat da; pentsioak ez dira duinak, baina ezin dira aldatu; osasungintza publikoa desastre bat da; hezkuntza publikoa desastre bat da. 170.000 pesorekin bizi da jendea jubilatzerakoan. 150 euro inguru da hori. Eta alokairuak hemengo antzekoak dira, eta supermerkatuak hemengoak baino garestiagoak dira».
Ez zen izan egun batetik bestera sortutako matxinada bat, «urte asko lehenagotik ari zen herria protestan».
2011n Pinguinoen Iraultza izan zen Txilen, ikasleek hasi zutena. 2018an, mugimendu feministaren borrokaldia izan zen, Unibertsitate Katolikoa okupatuz, besteak beste. Hortik aurrera, jendeak «klik» egin zuen, eta gutxi balitz, hainbat ustelkeria kasu egon ziren.
Ikasleak hasi ziren metroko sarrera saltatzen eta ez ordaintzen, eta hortik sortu zen borrokatik gizartea osoa mobilizatu zen: mobilizatzen ari ziren guztiek bat egin zuten.
Zaurituak
«Nik zaurituak lekualdatu behar izan nituen. Poliziak gas negar-eragileekin zauritutako herritarrak», oroitu du, hunkituta. Giza Eskubideen Institutuko txalekoa zuela ere, eraso egin zioten Nuñezi, eta oinean eman zioten jaurtigailu batekin.
Zauritu kopurua ikaragarria izan zen: «400 begi galdu zituzten protestan zeudenek». Fabiola Campillairen kasua ekarri du gogora: «Itsua, zaporerik gabe, eta usaimenik gabe geratu zen». Horren ostean, «ikono bihurtu zen», eta senatari izatera heldu zen.
«Nik neuk ikusi nuen: burura egiten zuten tiro. 400 begi ez dira kasualitatez galtzen. Plan bat izan zen», dio Nuñezek.
Azaroaren 14a, egun berezia izan zen. «Agintariek beldur handia zuten, eta egun horretan bildu ziren». Sebastian Piñera presidentearen emaztearen audio bat zabaldu zen: «Nik ez dakit zer ari den gertatzen, hau oso konplexua da; geure pribilegioak partekatu beharko ditugu». Hor erabaki zen protesta hauei bide ematea, eta irtenbide instituzionala eskaini zen.
Prozesu konstituziogilea
Bi galdera egin zizkieten txiletarrei. Lehenengoa zen: «Nahi duzu konstituzio berri bat?», eta bigarrena: «Nork nahi duzu idaztea?». Asanblada konstituziogile berri bat eratzea erabaki zen, baita «askogatik irabazi ere».
Asanblada konstituziogilea idazteko kongresugile «asko eta asko» oinarritik zetozen, ez ziren alderdietako ordezkariak: «Plazaz plaza ibiltzen ziren, arratsaldero, prozesua azaltzen eta herritarrekin lantzen». Lehenengo zatian, eskubide sozial gehien eskatzen zuen sektoreak irabazi zuen, ezkerrena zen sektorea, alegia.
Elite politikoan gorrotoa eta herra nagusitu ziren, Nuñezen ustez. «Kaletik zetorren jendea zelako, oso oinarrikoa, eta jasanezina zitzaien hori».
«Elisa Loncon emakume maputxea izan zen biltzarraren burua, eta nik pentsatu nuen:azkenean, nire herria aldatu da». Naturaren defentsa, eskubide sozialak, zaintza sistema nazionala, parte hartze politikorako sistema bat, herrialdeen arteko oreka, izaera plurinazionala, abortu librea… Hamaika ziren konstituzio berrian txertatutako egiturazko aldaketak. Baina hedabideek «haien lana egin zuten», eta «beldurra nagusitu» zen.
Azkenean, konstituzio berriari ezezkoa bozkatu zioten, eta hor amaitu zen bide «zoragarri» hura. «Eliteek uste dute betirako amaitu dela, baina nik uste dut ezetz: orain bestondo konstituziogilean gaude, baina itzuliko gara, injustiziek eta miseriek jarraitzen dutelako», dio Nuñezek.
Txile, hemendik, «tristeziaz»
Txileren egoera tristea dela iruditzen zaio orain Nuñezi: «Ustelkeria, sexu abusuak… herritarren eskariak ez doaz inora. Justizia falta eta pobrezia ez dira amaitu, eta, beraz, borroka ez da amaitu».
«Ez dut asko faltan botatzen Txile, oraintxe bertan, behintzat», gogoeta egin du: «Egia esan gure familien bisitak jasotzeko zortea izan dugu, eta hori garrantzitsua da: askotan, migratzea tokatzen zaizu, eta ez duzu inor ikusten. Eta hori gogorragoa da».
Donostia, «bereziki umeen zaintzaren ikuspegitik», bizitzeko erraza den hiri bat dela uste du Nuñezek. «Batzuek diotenaren kontra, oso hiri segurua dela uste dut. Ni Latinoamerikatik nator!», dio, erdi txantxetan.
Hiri honek ematen dion «lasaitasunetik», «tristuraz eta kezkaz» begiratzen du Txilera. Eta beldur handiz; «begiak zartarazi zituztenak libre daude, eta begiak galdu zituztenak zalantzan jartzen dituzte». Orain, «geldirik dagoen herri bat ikusten dut. Herri triste bat, segurtasunik gabea».
Duela gutxi, aberriaren festa ospatzen zela, amarekin hitz egin zuen Nuñezek: «Galdetu nion ea zer egin zuen, eta erantzun zidan ez zuela banderarik eskegi, ez zuela bazkari tipikorik egin… ‘Badakizu zergatik?’, esan zidan, ‘herri honek tratu txarrak besterik ez dizkidalako ematen». Begiak bustita oroitu du honakoa.
Donostia «konprometitua»
Baikortasunez begiratzen dio etorkizunari Nuñezek. Ekonomia sozial eta eraldatzailearen inguruan ikasten eta ikertzen dabil, etorkizuneko gizarte justuago bat eraikitzeko tresna izan daitekeelakoan. Noski, dena ez da urrezko. Nuñezen iritziz, adibidez, Mondragon kooperatiba eredugarria da, baina baditu B aldeak: «Filialak, City Eroskiak ez dira horren kooperatiba, edo transnazionalak, Latinoamerikara heltzen direnak, eta Kolonbian eta Brasilen lurraldeak suntsitzen dituztenak…».
Euskal Herriaren «gizatasun» mailarekin dago harrituta: «Badakit niri tokatu zaidana dela, ez dela jende guztia horrela. Baina kontzientzia handia dago hemen: klase kontzientzia, kontzientzia politikoa, soziala… laguntzeko eta entzuteko prest».
Grosen guztia Marruma tabernan gertatzen dela dio: «Xabier Peñalverren liburu aurkezpenean egon ginen, eta bere umiltasuna eta konpromisoa harrigarriak dira. Zoragarria izan da honelako jendearekin topo egitea, hemen daramagun urtean».
Kaleko Afari Solidarioak ezagutzeko aukera izan zuen, eta hor, «beste Donostia bat ezagutu» zuen; «ez da kafe zoragarrien hiria, urrezko zubiena… Donostia ezberdin bat, biolentoa. Kaleetan bizi den jendea».
Egunero pasatzen da zerbait Donostian, Nuñezentzat: «Uste dut dela hiria txikia delako. Kaletik zoaz, eta norbaitekin egiten duzu topo, eta norabait gonbidatzen zaitu, eta hortik beste espazio batera…». Ikasten ari da hemengo borrokekin, baina berak ere irakasteko asko duela argi dago. Bi aldekoak baitira beti zubiak.