Jendetza batu da KASen alde eta arrazakeriaren kontra
Egiako Blas de Otero plazatik udaletxeraino, 2.000 lagunetik gorak parte hartu du gaur KASen aldeko eta arrazakeriaren eta faxismoaren kontrako manifestazioan. Donostiako Udal Gobernuak joan den asteazkenean debekatu zuen Egian afari solidarioak banatzea, “segurtasun arazoengatik”, eta polemika galanta sortu da. KAS babesteko eta azken asteetan “areagotu” diren “jarrera arrazista, klasista eta faxistak” salatzeko batu dira mobilizazioan.
“Gogor” salatu dute udalak Egiako afari solidarioak debekatu izana. Manifestarien ustez, “faxistek egindako aldarrikapenari hurrengo egunean, udalak men egiteak erreakzionarioa hauspotzen du”.
Pobreziaren eta faxismoaren kontra
“Bada garaia proletarioak eta migratzaileak etsai gisa seinalatzeari utzi, eta pobrezia estrukturalaren zein migrazioaren kausak eragiten dituzten agenteak etsai gisa seinalatzen hasteko”, gaineratu dute manifestazioaren amaieran. Hala, exijentzia bat egin diote udalari: “Utzi migratzaile proletarioak zigortzeari eta elkartasuna debekatzeari, eta hasi pobrezia zein faxismoa desagerrarazteko bitartekoak jartzen”.