Unai Mendizabalek irabazi du Azkoitian, Asier Azpirozekin berdinduta
Zizurkildarrak eta Zubietarrak 485,5na punturekin berdindu dute, baina epai-irizpideen arabera Mendizabalek eskuratu du finalerdietan kantatzeko zuzeneko txartela. Hauen atzetik gelditu dira Ane Labaka (477,5 p,), Eli Pagola (470,5 p.), Oier Etxeberria (468 p.) eta Maialen Akizu (414 p.).
Azkoitiako Baztartxo Antzokian jokatu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren final-laurdena. Orain arteko antzoki handi eta zabalenean 500 bertsozale inguruk gozatu dute sei inprobisatzaile gipuzkoarren arteko lehia. Ikusmin handia zegoen ea zein aldartetan zetozen kantura. Izan ere, izen handiko bertsolariak zeuden oholtza gainean eta egia esan pare-parean ibili dira denak ia saio osoan zehar. Akats larririk egin gabe erregulartasun zorrotzarekin eta fase honetan eskatzen den bertso-mailari tinko helduta. Aipatzekoa izan da ganbarako gaiak ekarri dituen bertso-aldarrikapenak. Haritz Alberdi gai-jartzaileak honako gai hau plazaratu die bakarka hiruna bertso nahi duten doinu eta neurrian kantatzeko: Bizilekuz aldatu behar izan duzu. Etxebizitzaren aferari heldu diote sei bertsolaritatik bostek, nahiz eta gaiak bidezidor desberdinak arakatzeko aukera eman.
Hasierako agurrean honela aurkeztu du bere burua Oier Etxeberria azpeitiarrak: ‘’…kontzejupean ez da erraza/ dominatzea saketik/ prozesuari zor gatzaizkio/ ze erantsi dezaket nik/ ahalik gertuen baldin bagabiltz/ nahi duguna esatetik’’. Eta gertu ibili da nahi duena esatetik, bere jaioterritik gertu, ia etxean bezala sentitu baita oholtza gainean. Unai Mendizabalek ere argi utzi du zein helbururekin zetorren Baztartxorko pareta marroietara: ‘’…marroi amarra zaude Baztartxo/ baina ekiogun lanari/ kolore bixi bat emateko/ kantatu nahi dugunari’’.
Zortziko handian hasi dira Labaka-Akizu, Azpiroz-Pagola eta Mendizabal-Etxeberria bikoteak. Zaila izaten da saiora bero eta urduritasunik gabe sartzea, baina hiru bikoteak ongi moldatu dira. Azpiroz eta Pagola harrijasotzaile beteranoen paperean maisuki aritu dira eta altxor esanguratsuak utzi dizkigute. Mendizabal eta Etxeberria euren herriko nerabeen aisialdiko monitoreak izan dira eta Mendizabalek hasieratik erakutsi du bere ohiko umore sarkastikoa.
Ondoren, hamarreko txikira egin dute salto eta hor Azpirozek Akizuri eman dion lehen erantzuna azpimarratzekoa izan da. Akizuri, supermerkatura sartu berri den bezeroari, Azpirozek elikagaien bankuko poltsa betetzeko eskatu dio eta Akizuk hori betetzea ez dela hain sinplea esanez hasi du elkarrizketa. Azpirozek honela erantzun dio bete-betean: ‘’baina laguntza pixkat/ eman dezakegu/ Donostin pasa dena/ hartzagun eredu/ ultraeskuina gora/ doa neguz negu/ ta behartsuen alde/ hementxe gaude gu/ inoiz baino gehiago/ behar zaituztegu’’. Pagolak eta Mendizabalek ere ariketa bikaina egin dute ironia, umorea eta zirtoa nahastuz. Sendabelarren denda bateko jabea da Pagola eta Mendizabal herriko medikua dendaren erakusleihoari begira aurkitu du Pagolak.
Hurrengo ariketa puntu-erantzunena izan da eta erabateko distirarekin aritu ez arren, ez dira irristatu. Eta ez erortzea izaten da lanaldi honetan gehienek izaten duten helburua. Egia esan, espezialista gutxi daude puntu-erantzunetan zorrotz, azkar eta akatsik gabe ibiltzen direnak. Jendeak uste baino tarte gehiago baliatu dezake ,ariketa honetan, asmatzen duen bertsolariak. Izan ere, beste bertsoaldiak adina balio dute hemengo bertsoek.
Zortziko txikian ere egon dira bertsoaldi politak; esaterako, Labaka eta Pagolarena. Labako mendiko borda batean artzaintzan ibiltzen da eta Pagola etorri zaio bizikleta elektrikoa bertan kargatu dezakeen galdezka. Elkarrizketa bikaina mantendu dute eta azken bi bertsoak edertasun handikoak izan dira. Pagolak ardiak jeizteko makinak non dituen galdetu dio eta Labakak honela erantzun dio: ‘’hortxe ezkutatuta/ aralarren zehar/ zu zure iztar lodi/ txorkatila mehar/ goraino heldu zera/ birikak lehertzear/ ta jeisteko ez dezu bateria behar’’. Txalo eta barreen ostean Pagolak honela amaitu du bertsoaldia: ‘’nik tontorra egin nahi/ nuen ta akabo/ itxura denez ez naiz/ igoko gorago/ baina bateri xar hau/ uztekotan nago/ zuk beharko baitezu/ nik baino gehiago’’.
Azken bertsoaldiak ganbarakoak izan dira. Hor, lehen aipatu dudan bezala, bizilekuz aldatu beharrari kantatu diote. Sei bertsolaritatik lauk Donostiari erreferentzia zuzen bat egin diote etxebizitza egoera larria dela eta. Oier Etxeberriaren bakarkako lanak asko txunditu nau. Izan ere, azkena zen azpeitiarra kantatzen eta gehienek gaiari adar beretik heldu diotenez, bere diskurtsoa nahiko errepikakorra eta entzuna geneukan bertan geunden bertsozaleok. Baina bukaera originalak eta ederrak utzi ditu.
Ane Labaka izan da ganbarako lanean etxebizitzari erreparatu gabe, beste bide bat hautatu duen bertsolari bakarra. Lasartearrak bere erasotzailearekin kalean topo egiten duela eta, distantzia jarri nahian, bizilekua aldatu duela kantatu du. Harrigarria Labakaren errimategi aparta, zeinen erraz estutzen duen errima eta betelana zeinen txukun eraiki duen zortzi puntuko bertsoan. Gainera, metrika horretan, bi puntu motz jarraian lotu behar izan ditu eta bikain josi ditu hiru bertsoak. Gaurko bertsoaldi puntuatuena zerbaitegatik izan da eta orain artean, final-laurdenetan, entzun ditugun ganbarako onenen parean egotea merezi du.
Hain justu ere, Martin, Labaka eta Gaztelumendi dira ganbaran puntuazio altuenak eskuratu dituzten hiru bertsolariak. Hiru hauek 2019ko finalistak izateaz gain, zortzi puntuko doinuak erabili dituzte euren bakarkakoetan. Momentuz, hemezortzi bertsolarik kantatu dute eta lau bertsolarik soilik kantatu dituzte zortzi errimako doinuak. Akizu da zortzi errimakoa ekarri duen beste bertsolaria. Urretxuarrak ez du asmatu, normalean baino traketsago ibili da saio osoan zehar eta ganbaran trabatu egin da lehenengo bertsoko betelanean.
Orokorrean saio goxoa eta ale ederrak utzi dizkiguna izan da, maila oso antzekoan ibili dira eta lehenengo bostetako edonork eskuratu zezakeen lehenengo postua. Goraipatu gabe ere ez dugu utzi nahi Haritz Alberdi gai-jartzaile azkoitiarra nola ibili den bere herrian. Saioaren erritmoa ederki ulertu du eta bertsolariak goxo babestu ditu, hemeretzi urte besterik ez ditu eta Gipuzkoa Bertsotan sailkapen-fasean ere erakutsi zuen aurkezle lanetarako bazuela gainontzeko aurkezleek duten adina tenple.
Hogei punturen azpitik gelditu da bosgarrenaren eta irabazlearen arteko tartea eta horrek zer nolako saioa izan den argi eta garbi erakusten du. Azpirozi, agian, arantzatxo bat gelditu zaio, birritan gelditu baita txapelketa honetan bigarren irabazlearekin berdinduta. Azpeitian, Maider Arregirekin berdindu zuen final-zortzirenetako saio gogoangarrian eta Azkoitian berdina gertatu zaio. Hala ere, finalerdietara sailkatzeko ez du inolako arazorik izango, Labururekin batera matematikoki sailkatu baita jada. Hauetaz gain, Martin, Gaztelumendi eta Baztartxon garaile izan den Mendizabal zuzenean sailkatuta daude. Sailkapenari begiratuta, hurrengoak 470 punturen bueltan Labaka, Pagola, Araiztegi eta Etxeberria dira. Hauek ere ederki bideratuta dute sailkapena momentuz.
Halaber, egia da, final-laurdenetan kantatzeko gelditzen diren hamabi bertsolariak ez direla mutu gelditzeko modukoak eta lanak emango dituztela Irungo eta Tolosako areto beteetan. Honi gehitu behar zaio, aurreko astean erdi-bizirik aukerekin utzi genituen H. Arana, Gorostarzu eta Iguaran bertsolariak kinka larrian gelditzen direla eta falta diren saioetakoren batean sekulako ezustekoa gertatu beharko litzateke aipatutako hiru hauek finalerdietan ikusteko. Baina oroi gaitezen, 2019an Unai Gaztelumendi hemezortzigarren postuan sailkatu zela 451,5 punturekin.
Beraz, gelditzen diren bi final-laurdenekoetan tentsioa izugarria izango da eta matematikak etxetik prestatuta ekartzeak askotan kalte egin dezake bat-batekotasuna saritzen den lehia honetan. Ikus ditzagun eta goza ditzagun azken bi final-laurdenak, izenez behintzat saio itzelak izateko osagai guztiak baitituzte.