Oihana Iguaran, muga guztien gainetik, garaile Irunen
Amasarrak 517,5 punturekin Irungo Ficoba Auditoriumean sekulako erakustaldia eginda irabazi du. Bere atzetik gelditu dira Amaia Iturriotz (484,5 p.), Eneritz Artetxe (476 p.), Eñaut Martikorena (468,5 p.), Aner Peritz 'Euzkitze' (465,5 p.) eta Iñaki Apalategi (446 p).
Irungo Ficoba Auditoriumean jokatu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako laugarren final-laurdena. ‘’…hankak lurrean, mingaina zorrotz/ prest naukazu Irun’’ esaldiarekin aurkeztu du Eneritz Artetxek bere burua. Eta halaxe izan da, orokorrean sei bertsolariek osatu duten saioa paregabea izan da. Oso gauza politak utzi dituzte eta Irunera bertaratu den bertsozalea gustura etxeratu da. Txalo zaparrada handiak entzun dira, bertso bikainak kantatu dituzten seinale esanguratsuena izaten da hori eta bene-benetan merezi izan dituzte esker txalo guzti horiek.
Bazegoen bertsozaleen artean Iguaran oso maila onean iristen zenaren zurrumurrua aurtengo txapelketara eta halaxe izan da. Ez du hutsik egin eta oholtzara igo den lehen unetik erakutsi du bere bertsokera aparta. Batez beste, ehun puntutik gorako bertsoaldiak eraiki ditu amasarrak eta ariketa guztietan sekulako distira eta erraztasunarekin aritu da. Bertsoaldi bakarra aipatzekotan, egin duen ganbarakoa aipatu gabe ezin da utzi. Entzulearen bihotz-barrunbeetara iristeko osagai guztiak izan ditu; errealismoa, zorroztasuna, aktualitatea eta originaltasuna. Uxune Areizaga gai-jartzailearen ahotik bakarka kantatzeko gai hau irten da: Badakizu ez duzula ondo pasatuko, baina izena eman duzu. Iguaranek erasotzailearen izen-abizenak nola eman dituen kantatu du eta lehen bertsoa ‘’…aliatutzat genuen horrek/ baliatu egin gaitu’’ esanda amaitu du. Bidea ederki ireki du gaurkotasuna bere hitzetan islatuz; aste honetan Espainiako politikagintzan lehertu den notizia baten harira sekulako arrazoiak plazaratu baititu. Bigarren bertsoan bete-betean asmatu du eta honela borobildu du amaieran: ‘’…pertsonaia ta pertsona bereiz/ daitezkeela diote/ ta pertsonaren jarrera txarrek/ gainezka egin diote’’. Perfekziotik gertu ibili da eta azken bertsoa etxeko egongelan zintzilikatzekoa izan da: ‘’bi salaketa zebiltzan dudan/ nahiz zehatz-mehatz deskriba/ izen ta abizen atera naiz ni/ jira dadin perspektiba/ ta bapatean prentsan arretak/ niganantz jira du mira/ ta bapatean ni bota naute/ denek plazaren erdira/ erasotzaile bera izan da/ ta denak neri begira/ erantzulea enaiz ni baina/ galderak neretzat dira’’.
Bazegoen bertsozaleen artean Iguaran oso maila onean iristen zenaren zurrumurrua aurtengo txapelketara eta halaxe izan da
Amaia Iturriotz urretxuarra izan da Iguaranen atzetik bigarren. Hogeita hamairu punturen tartea egonagatik bien artean, Iturriotzek ere harro egoteko saioa egin du 484,5 puntu eskuratuta. Final-laurdenetan edozeinek sinatuko lukeen puntuazioa baita hori. Bere kasuan ere, bertsoaldi guztietan sekulako aleak sortu ditu eta ezin dira guztiak lerro hauetan banan-banan deskribatu. Hamarreko txikian, Aner Peritzekin burutu duen bertsoaldia ikaragarria izan da. Erraz eta freskotasun handiarekin hiru bertso eder osatu ditu bulego batean jubilatzear dagoen langileari erreleboa hartzen dion langile berriaren paperetik. Puntu-erantzunetan ere bikain asmatu du eta ganbarakoan seriotasunez bere barrenetik abestu du bertsolari txapelketan nola eman duen izena. Horrelako maila erakusten badu finalerdietan, Illunben kantatzeko hautagaietako bat izango da zalantzarik gabe.
Artetxek ere, erregulartasuna lagun izan du eta hirugarren postua lortu du 476 puntu eder zakuratuta. Azpeitiarra ez da ariketa batean ere erori eta hutsik egin gabe, bertsotan txukun eta esan nahi zuena ederki ekartzen ibili da saio osoan zehar. Euskara garbi eta errazean, bere ohiko bertsokeran ezaugarriei segika, ale apartak utzi dizkigu Irungo oholtzan zegoen mikrofonotik.
Martikorena hernaniarrak ohiko ironia eta umorea azkartasunarekin nahasiz bertsoaldi politak sortu ditu. Betiko moduan, ia denborarik kontsumitu gabe, bizkor-bizkor, bertsoa inprobisazio betean sortzen ibili da. Nola, noiz eta zer abestu ederki asmatu du eta bakarka egin dituen bi ariketak azpimarratzekoak izan dira. Puntu-erantzunetan azkar eta egoki osatu ditu hiru bertsoak 99,5 puntu erdietsiz eta publikoaren baiezkoa poltsikoratuz. Ganbarakoan ere, 44 segundo nahikoa izan ditu hiru bertsoak buruan eraikitzeko. ‘’Munduko ilunabarra’’ doinuan, bederatzi errima labur eta luze tartekatzen diren doinuan, betelan paregabea egin du eta umoretsu eta aldarte apartarekin bere bertsoaldi puntuatuena gauzatu du. Txapelketa honetan, bederatzi puntuko doinu bat hautatu duen bakarra izan da momentuz eta arriskuak arrisku, ederki irten zaio kontakizuna Martikorenari.
Bosgarren postua Peritz zarauztarrarentzat izan da. Hasieran, erantzutea tokatu zaionetan lotuta egon da eta bere bertsokera Irungo oholtzan iltzatzea kostatu zaio. Halaber, ganbarako ikaragarri batekin amaitu du saio puntuagarria, 105,5 puntu lortuta, eta publikoak ederki eskertu dio utzi duen artelana. Perfekziotik gertu ibili da ganbarakoan; umore eta ironia ukitu bereziarekin eta naturaltasunez bere jaioterriko txosnan txanda bat egiteko izena eman duela aitortu du. Kontakizun erreala eta deskribapen zehatzekin eraiki du, lehenengo bertsoan txosnako txanda bat egitea erraza izan daitekeela dirudien arren, denentzat ez dela hain erraza aldarrikatu du. Bigarren eta azken bertsoak oso-osorik berriz entzuteko modukoak izan dira: ‘’ez dauzkat eta alfer-alferrik/ mila zauri, mila duda/ nire herritik joan baininitzen/ gaur nagoen ingurura/ kitto kuadrila, kitto kaleak/ kitto dena bukatu da/ ta orain itzuli beharran har hau/ nola sartu zait barrura?/ nirea zen herri hura/ oraintxe zait abentura/ Zertara noa? Dibertsiora?/ Haserrera? Mendekura?/ Zergatik nahi dut itzuli hainbeste/ gorroto dudan lekura?’’. Eta honela amaitu du bere ganbarako lan mundiala: ‘’…han ikusi dut kuadrila ta hartu/ ditut bi txupito extra/ txozna barruan dantzan hasi naiz/ bakarrik, irribarrezka/ Ez zaudete eroso ezta?/ Lasai ez da zuen kezka/ ni ez nentorren molestatzera/ segi, segi zuen festa/ hau lehen nintzena besarkatzeko/ modu bat besterik ezta’’. Sekulako altxorra lurgaineratu du zarauztarrak eta finalerdietara sailkatzeko aukerak bizirik darrai bere lehenengo Gipuzkoakoan.
Bigarren asteburuan lehertu da final-laurdenetan espero genuen bertso-mailaren globoa; eta lehertu da bertsolariek sekulako bertsoekin puztu dutelako globo horren barrena
Seigarren postuan Apalategi bertsolari beasaindarra gelditu da 446 punturekin. Puntu-erantzunetan poto egin du eta horrek finalerdiekin amesteko aukera guztiak zapuztu dizkio. Birritan izan da Gipuzkoako finalista, baina 2019ko txapelketan ez zen finalera iritsi eta Ilunbera iristeko gogoarekin zegoela hasierako agurrean ederki helarazi du. Matematikoki, aukerarik gabe gelditu da eta arantza horrekin beste lau urtez jarraitu beharko du. Hala ere, ale politak utzi ditu eta bere bertsokeratik hurbil ibili da.
Bigarren asteburuan lehertu da final-laurdenetan espero genuen bertso-mailaren globoa; eta lehertu da bertsolariek sekulako bertsoekin puztu dutelako globo horren barrena. Bigarren asteburu honetako saioak gogoangarriak izan dira eta aurreko astean puntuazio txukuna zena ozta-oztako puntuazioan bilakatuarazi dute. Izan ere, asteburu honetan kantatu duten hamabi bertsolaritatik hamar finalerdietara sartzeko disputan daude. Aner Peritz dago hamalaugarren postuan eta nahiko bideratuta eduki arren sailkapena, azaroaren 3an Tolosako Leidor Aretoan gertatzen denaren zain egon beharko du. Sei bertsolari falta baitira final-laurdenetan kantatzeko eta Peritz finalerdietatik kanpo gelditzeko sei bertsolari horietatik bostek 465,5 puntutik gora eskuratu beharko lituzkete. Zaila badirudi ere, azken asteburu honetan hamabitik hamarrek gainditu dute 460 punturen langa. Azken unera arte, ez dugu jakingo nortzuk diren finalerdietan Oiartzunen, Zarautzen eta Arrasaten abestuko duten hemezortzi artistak. Beraz, azaroaren 3an, igande arratsaldez baduzue plan polita Tolosako Leidor Aretoan. 800 bertsozalerentzat omen dago tokia, orain artean 500 buruko aretoak bete dira. Sarrera guztiak agortuko ote dira?