Sara Mansillak hurbiletik kantatu du
'Cerca' bigarren diskoa argitaratu du musikari donostiarrak, eta hiru estilo nahasi ditu: popa, soula eta jazza.
Bigarren urratsa aurkeztu du Sara Mansilla musikari donostiarrak. Cerca da lan berriaren izenburua, eta musika hazkuntzaren emaitza dela aitortu du. Ostegunean, hilaren 31n, aurkeztuko du zuzenean Tabakalerako Kutxa Klubean.
“Abesti bakoitza ondo zaindutako estilo sendo eta pertsonal baterantz zuzendurikoa da. Maitasunarekin, bakardadearekin eta berriro elkartzearekin lotutako gai intimisten musika adierazpena da lana”, dio zabalduriko prentsa oharrak. Kantu propioetan popa, soula eta jazza nahasteko ahalegin berezia egin du. Horretarako, hiru hizkuntza erabili ditu: euskara, gaztelania eta ingelesa.
Adunako Elkar estudioetan grabatu du diskoa Victor Sanchez teknikariaren gidaritzapean, alboan izan dituen musikariekin hainbat entsegu egin ondoren. Hauek dira musikariak: Nacho Soto (pianoa eta teklatuak), Victor Villa (gitarra), Juan Oliveira (gitarra), Jorge Luengo (baxua) eta Eneko Arbea (bateria).
Bestalde, Joaquin Marcok grabatutako bideoklipa ere argitaratu du Mansillak, eta jarraian ikus dezakezue: