'1978': terroretik terrorera
Argentinako garai beltzenetako bat da 1976tik 1983ra bitarteko diktadura militarra. 30.000 pertsona baino gehiago desagerrarazi zituen Videla diktadoreak, bahitu, torturatu, bortxatu eta erail ostean. Asko idatzi da aro latz hartaz, eta dokumental zein film batzuk ere egin dira. Ordea, beldurrezko lehen pelikula da 1978 (Nicolas eta Luciano Onetti, 2024). Terrorearen barruan terrore istorio bat kontatu nahi izan dutela aitortu dute anaiak diren bi zuzendariek.
Beldurrezko Astean ohikoak diren txantxa eta oihuak filma hasi orduko apaldu ziren Antzoki Zaharrean. Bat baino gehiago mutu geratu zen lehen eszenatik. Aipaturiko testuingurua berehala kokatzen du pelikulak, beste osagai batekin batera: futbola. Izan ere, 1978an, diktatura militar betean, Munduko Txapelketa jokatu zen Argentinan bertan, eta beraiek irabazi zuten. Oso zeharka bada ere, txapelketaren nondik norakoak kontatzen ditu filmak, nolabait, diktadurarekin lotura ere baduelako. Argentinaren garaipenak oraindik ere itzal luzea dauka.
Disidenteak torturatzeko atxilotze gune klandestino batean gertatzen da istorioaren muina. Makurra, iluna eta latza da han gertatzen dena. Torturen gordintasuna islatzen du, testuinguru politikoan gehiegi sakontzen ez duen arren. Zuzendariek apropos harturiko erabakia dirudi. Beste norabide bat hobetsi dute, terroreari bestelako terrore bat gehitzeko. Diktaduraren kontrako bira deigarri bat du istorioak. Atxilotu batek, torturapean, torturatzaileak etxe batera bidaltzen ditu disidente gehiagoren bila. Han topatzen dituzte, baina ez dira espero zituztenak.
Infernu itxurako gune klandestinoa, benetako infernu bilakatzen da torturatzaile eta torturatuentzat. Naturaz gaindiko izaki batek hankaz gora jartzen du dena, eta ordura arte, leku horretan egindako sarraskiak beste forma bat hartzen du. Beldurrezko Astean pairatu behar izan ez dutenek, 2025eko martxoan zinema komertzialetan ikusteko aukera izango dute.