Akira Toriyamari eta 'Dragoi Bola'-ri omenaldia
Iazko martxoan zendu zen Akira Toriyama, Dragoi Bola mangaren sortzailea, besteak beste. Aurten leku berezia du haren legatuak 35. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean, eta aukera hori aprobetxatu nahi izan dute Toriyama omentzeko.
Horrela, erakusketa berezi bat prestatu dute 26 ilustratzaileren lanekin, Udal Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta azaroaren 10era bitarte egongo da zabalik. Toriyamaren lana berrinterpretatu duten ilustratzaileak hauek dira: Garluk Agirre, Mikel Antero, Arubashi (Alba Cardona), Jordi Bayarri, Pedro Camello, Anabel Colazo, Borja Crespo, Deliciest, Enkaru, Aitor Etxebeste, Irina Hirondelle, Iñaki Holgado, Jon Juarez, Joseba Larratxe (Josevisky), Letucse, Stephane Levallois, Garbiñe Martiarena, Isara, Gorka Ortega, Patxi Pelaez, Dani Ruiz, Studio Kosen, Aritz Trueba, Paul Urkijo, Maria Vaz-Romero eta Wakaiki. Aldiz, Jorge Madejon da erakusketaren komisarioa.
“1980ko hamarkadaz geroztik, Dragon Ball eta Dr. Slump manga eta animeek milioika zale gozarazi dituzte munduan zehar. Lan horietan, irakurleok gainezka ikusi ditugu sormena, irudimena eta umorea, baita karismaz eta nortasunez beteriko pertsonaia kutunak ere. Ahaztu gabe, nola ez ba, ibilgailuen bere diseinu zoragarriak eta era guztietako tramankuluenak, baita adibidez, Dragon Quest bideo-jokorako bere pertsonaienak ere”, azaldu du Beldurrezko Asteak.