Ainize Txopiteak askotariko euskarriekin egindako erakusketa aurkeztu du
Ainize Txopitea artista donostiarrak collage, argazkilaritza, arte plastikoak eta ikus entzunezko euskarriekin egindako lanak erakutsiko ditu Identidad_E erakusketan, Sakana galerian. Galeriatik azaldu dutenez, Txopiteak “gizakiaren eta naturaren arteko lotura bat” bilatzea du helburu. Horretarako, “sakontasun emozional eta kontzeptualeko ildo estetiko batean” oinarritzen da, eta poesia eta elementu bisualak uztartzen ditu.
Bere lana abenduaren 13ra bitarte egongo da erakusgai. Era berean, datorren azaroaren 16an, arratsaldeko zazpietan, hitzaldi bat eta bisita gidatu bat izango dira erakusketa honetan.
Ainize Txopitea
Artista Londresko University of the Arts eskolan graduatu zen Digital Media Productionen, 2002an. Londresen, bertan, bere teknika hobetu eta bere lengoaia kontzeptuala garatu zuen. Bere lana naturala denaren eta artifiziala denaren, iragankorra denaren eta iraunkorra denaren arteko harremanari buruzko hausnarketa batek elikatzen du.
Horretarako, ziklo naturalak, elementuen eraldaketa eta gizateriak ingurunearekin elkar eragiteko duen modua aztertzen ditu, pinturatik hasi eta eskultura eta instalazioetaraino doazen praktika artistikoak konbinatuz.