'Miñan' antzezlanaren beste emanaldi bat egingo dute Egiako kultur etxean
Azaroaren 14tik 17ra bitarteko sarrerak agortu direnez, Artedrama konpainiaren Miñan antzezlanaren beste emanaldi bat egingo dute azaroaren 13an, Egiako kultur etxean. Sarrerak bihar jarriko dira salgai, 11:30ean, Viktoria Eugenia antzokiko leihatilan eta sarean.
Ibrahima Balde Ginean jaio zen; baina, egun batean, amaren deiak etxea uztera behartu zuen, anaia txikiaren bila Europara joateko. Basamortua zeharkatu zuen, eta polizia, bahitzaile, mugalari eta abarrekin gurutzatu zen zeharkaldian. Afrikatik Europarako ibilbidean minak, egarriak eta goseak sorturiko sufrimendua ezagutu zuen.
Miñan (anaiatxoa) Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da, Amets Arzallusek lehen pertsonan kontatua eta Artedramak antzerkira egokitua.