Sorleku parkearen aldeko protesta koloretsua egingo dute azaroaren 7an
'Parkingik ez, parkea orain!' lelopean, Maritxu Guler parketik abiatuko dira.
Intxaurrondoko Marrutxipi eremuan Sorleku parkea jartzeko protesta koloretsua antolatu dute guraso eta auzotar batzuek. Datorren asteko ostegunean izango da, azaroaren 7an, eta Maritxu Guler parketik abiatuko dira 17:00etan, Parkingik ez, parkea orain! lelopean.
Protestan parte hartzera deitu dituzte Zurriola Ikastolako eta auzoko familiak. Gainera, antolatzaileek eskatu dute haurrek beraien ametsetako parkearen marrazkiak eramatea.
Gogoratu behar da Donostiako Udalbatza Sorleku parkea Marrutxipin mantentzearen alde agertu zela pasa den asteko udalbatzarrean. PSE-EEk izan ezik, gainerako udal talde guztiek berretsi zuten kokalekua. Izan ere, sozialistek disuasio aparkaleku bat jarri nahi dute Marrutxipiko lursail horretan, eta Sorleku parkearen proiektua Ametzagaina parkera eraman nahi dute.
Zazpi urte luze
Marrutxipin Sorleku parkea jartzeko egitasmoa 2017an jarri zen abian, Donostiako Udalaren MartxUp proiektuaren bitartez. Urte luzez hutsik eta erabilerarik gabe ia 6.000 metro koadroko azalera duen eremua biziberritzea zen helburua.
2018 eta 2019 urteen artean, Zurriola Ikastolako 300 haurrekin parte hartze prozesu bat egin zuten, haurrek nahi zuten parkea diseinatu zezaten. Haurren ideia eta proposamenetan oinarrituta, Sorleku parkearen nondik norakoak planteatu zituzten, eta beste parte hartze prozesu bat egin zuten 2021ean, auzoko adinekoekin, elkarteekin, eta abarrekin, Ekialdeko Barrutiaren babesarekin.
Ordutik, apalen batean gordeta izan du udal gobernuak egitasmoa, eta PSE-EEk atera du disuasio aparkaleku bat proposatzeko parkea bera aurreikusten zen lursail berean.