Mexikoko ohiturak jarraituta, Egian hildakoen aldareak jarri dituzte
Egiako Doña Chepina eta Chepinita jatetxe mexikarrek aldareak jarri dituzte, bizilagunen eta bezeroen senide eta lagunak gogoratzeko.
Dia de Muertos edo Hildakoen Eguna —azaroak 2— Mexikoko tradizio esanguratsuenetako bat da. Mesoamerikar herrialdeetako jaiak hildako senide eta lagunen itzulera ospatzen du, errotutako sinesmen mitologikoen arabera, hildakoek Mictlan izeneko mundua zeharkatzen baitute, lurrera bueltatzeko. Horretarako, senideek aldareak jartzen dituzte euren senideen irudiekin. Bada, tradizio hori gurera ere iritsi da, hala egin baitute Egiako bi jatetxe mexikarretan ere.
Doña Chepina eta Chepinita jatetxeetan asteartean piztu zituzten kandelak, tradizioari jarraituta, jendeak bidali dizkien argazkiekin: “Asko hunkitu gara istorio batzuekin eta jendea hain interesatuta ikusita, bere senideekin egoteko gure ohituren bitartez”. Ohi moduan, aldareetan, cempasuchil loreak eta kandelak jarri dituzte, baita hildakoen objektu eta jaki gustukoenak ere. Argazkietan ikusten den moduan, Egiako aldareetan ez da garagardorik eta freskagarririk faltatu, ezta txokolaterik ere.
Aldareak jarrita, ospakizunekin jarraituko dute datozen egunetan ere, aurpegi margotzeen bitartez. Era berean, hildakoen ogia izango dute eskuragarri azaroaren 2ra arte.