'Oddity': dolua, mendekua eta paranormala
Beldurrezko filmek susto aurreikusgarriegiak eta modu eskasean landutakoak izaten dituzte sarritan, ikuslea harritzen ez dutenak. Ez da hori, ordea, Oddity (Damian McCarthy, 2024) filmaren kasua. Eta, abiapuntua oso ohikoa da: etxe sorgindu bat, guztiz joan ez den hildako bat, eroetxe bat eta medium bat. Hala ere, topiko batzuk erabilita ere, kalitatezko filma egitea lortu du irlandarrak, eta horretaz disfrutatzeko aukera izan zuten asteazken iluntzean Antzoki Zaharrera joan zirenek, Beldurrezko Astearen barruan.
Ted (Gwilym Lee) mediku psikiatrikoaren, hildako bere emazte Daniren (Carolyn Bracken) eta bere egungo emazte Yanaren (Caroline Menton) istorioa kontatzen du filmak. Ustez, Teden paziente batek, Olin Boolek (Tadhg Murphy) hil zuen Dani, bikotearen etxean eta modu basatian. Ordea, Daniren ahizpa Darcyk (Carolyn Bracken, baita ere) badaki beste zerbait gertatu zela, eta ikertzeari ekingo dio. Hori bai, bere medium botereak erabilita, egurrezko eskultura beldurgarri batekin batera.
Hortik aurrera, intrigan murgiltzen du filmak ikuslea, sustoa aurreikusten denean ere sustoa emanez eta, tarteka, aurreikusi gabeko sustoak emanez. Antzoki Zaharreko ikus-entzuleen iruzkinei esker, hala ere, tentsioa baretu zen proiekzioan; eskerrak!
Tedek erotzat hartuko du Darcy, baina, horren eroa al dago? Hain ona al da Ted? Filmaren erdialdetik aurrera, atzematen da Ted ez dela dirudien bezain zintzoa eta, akaso, bere boterea eta posizioa erabiltzen dituela ingurukoak manipulatu eta gaizkia egiteko. Gizon bat halakoak egiten? Ezaguna egiten al zaizue?
Dolutik jarduten du Darcyk, baina mendekua, benetan naturala den sentimendua, oso presente du. Lortuko ote duen ala ez jakiteko, filma ikusi beharko duzue, ez dugu hemen spoiler-ik egingo. Hori bai, bizitza errealean bezala, sarritan, eroak ez daude hain ero.