Bi urtean ia bikoiztu egin da kalean lo egiten duten pertsonen kopurua Donostian
Hiritarron Harrera Sareak Donostian kalean lo egiten duten pertsonen kopurua zenbatu zuen urriaren 23tik 24erako gauean. Eusko Jaurlaritzak koordinatuta, EAEko 30 udalerritan egin den Kale Gorrian zenbaketarekin lotuta egin zuten kontaketa hori. Bada, orotara, 413 pertsona zenbatu zituzten: 370 gizon, 24 emakume eta sexua zehaztu ezin izan zuten beste 19 pertsona.
2022an egin zuten aurreko zenbaketa, eta orduan, 203 gizon, 14 emakume eta sexua zehaztu gabeko beste 3 pertsona zenbatu zituzten. Beraz, kale egoeran dauden 193 pertsona gehiago zenbatu dituzte aurten. “Hau da, ia bikoiztu egin da kopurua bi urtetan”, zehaztu du Hiritarron Harrera Sareak.
Salatu dutenez, zifra horiek erakusten dute premien gorakadaren aurrean, erakundeek gaitutako baliabideak “gero eta urrunago daudela” egoera hori arintzetik. “Aitzitik, eskandaluzko zifrak larriagotzen ari dira. Errealitate horren berri ez dute eman nahi erakundeetako arduradunek, errepikatzen asmatzen duten gauza bakarra dauden baliabideak direnean”, nabarmendu dute.
Agerraldirik ez
Era berean, Hiritarron Harrera Sareak deitoratu du Donostiako Udaleko gobernu taldeak, “tradizioa hautsiz”, ez duela agerraldi publikorik egin zenbaketaren emaitza baloratzeko.
Horren aurrean, beste hainbat daturi buruz ohartarazi du erakundeak. Kalean lo egiten duten pertsona horietatik 24 emakumeak dira. “Sarritan entzun izan dugu egoera bereziki ahulean dauden pertsonak, hala nola emakumeak eta haurrak, ez direla kalean uzten. Datuek gezurtatu egiten dute. Gainera, askotan, Harrera Saretik kudeatu behar izaten ditugu kalean geratzen diren eta gizarte zerbitzuek inolako alternatibarik ematen ez dieten familiak, haurrak barne”, salatu dute.
Gogorarazi dutenez, Donostiak La Sinera aterpetxea du, 100 lagunentzako lekua duena, neguan “hotzaren baliabidea” gisa gaitua. Ordea, iaz soilik bi gauetan bakarrik zabaldu zutela nabarmendu dute, eta datorren astean zabalduko badute ere, esan dute “ez dagoela erabilera aldatuko den arrastorik”.
Bizi baldintzak hobetzeko eskaerak
Horiek horrela, Harrera Sareak udalari eskatu dio ez uzteko emakumerik kalean, ezta familiarik ere. Horrez gain, La Sirena aterpetxea negu osoan irekita mantentzeko eskatu dute, beharra dutenei ostatua eta janaria eskainiz. “Ez dugu ulertzen, eta ezin dugu onartu, bi eskaera horietarako behar den aurrekontua ez hornitzea. Bere zenbatekoa gutxienekoa da udal aurrekontuaren barruan, 500 milioira iritsiko omen dena, eta une egokia da orain aurkeztuko diren aurrekontuetan sartzeko”, nabarmendu dute.
Kalean bizi diren 413 pertsonako zifra hori saihestu behar dela adierazi dute, eta erakundeei eskatu diete halako “egoera dramatikoari” bizkarrik ez emateko.