'Erreka Mari' euskal antzerkia, Antzoki Zaharrean
Euskal antzerkiaz disfrutatzeko aukera egongo da asteburu honetan Donostian, Erreka Mari lanarekin. Ez da izango datozen asteotan Donostian ikusi ahalko den euskal antzerki bakarra.
Beldurrezko Astea itxi eta hurrengo egunean, antzerkia itzuliko da Antzoki Zaharrera; euskal antzerkia, gainera. Hain zuzen ere, Doña Perfectita konpainiaren Erreka Mari antzezlana ikusteko aukera egongo da bihar (19:30) eta etzi (19:00).
Hans Christian Andersenen Sirenatxoa ipuinaren berrikuspen librea da antzezlana, betiereko galdera bat planteatzen duena: «Arrain isatsik gabe geratu nahi duzu?». Javier Lara eta Egoitz Sanchez dira egileak —Sanchez antzezlea ere bada—, eta konpainiaren webgunean jasotako adierazpenetan diotenez, «ikuskizun oniriko koplaria» da Erreka Mari, «material autobiografikoan oinarritutako fikzioa, pertsona bakarreko pieza, non obrak berak publikoarekin eta antzezlearekin hitz egiten duen».
Egileen arabera, lanak gogoeta egiten du «hainbat belaunaldiren biografia modu nabarmenean egituratzen duten gaiei buruz: zenbat leku dago askatasunarentzat arauaren barruan? Nola jakin nor garen, sentitu edo desio dugunaren antz handiena duena etiketa bat denean, hau da, fikzio bat? Nola hauteman gure haurraren benetako ezaugarriak, ikasten dugun lehen gauza desiragarria izatea denean? Maskulinitatea, sexu identitatea, haurren hipersexualizazioa, eskola jazarpena eta tratu txarrak (bullying-a) zeharkako ebidentzia gisa agertzen dira».
Bi aste barru, ‘Miñan’
Euskal antzerkiaz disfrutatzeko beste aukera bat egongo da Donostian, hilaren 13tik 17ra (19:30), Artedramaren Miñan antzezlanarekin. Egiako kultur etxeko Gazteszena aretoan izango dira emanaldiak, eta harrera ona izan du lanak, lau egunez programatzetik bost egunez programatzera pasatu baitira.